Sei egun barru iritsiko da atez atekoa eskualdeko lau herritara

Ataria 2013ko ekainaren 11

Ekainaren 17an jarriko da martxan Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkilen hondakinen bilketa sistema berria: atez atekoa. Tolosaldeko Mankomunitatetik azaldu dutenez, hilaren 17an herri hauek «aro berri bati» ekingo diote. Aldaketa honekin ondorengo helburua lortu nahi dela azaldu dute mankomunitatetik: «Hondakinak egoki sailkatu, eta beraz, birziklapen datuak ahalik eta maila altuenera eraman. Zero zabor herri diren Orendain, Elduain eta Orexarekin batera, Tolosaldearen mapan, beste lau puntu berde margotuko dira laster».

Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkilgo alkateek urrats berri bat ematera doazela iragarri dute erabaki honekin, euren herritarren ongizatean, «salto kualitatibo eder bat» izango dela azalduz.  Amaia Azkue Tolosaldeko  Mankomunitateko ordezkariaren esanetan, datuak eskuetan, atez atekoa da birziklatzeko orduan arrakastarik handiena ematen duen sistema: « Tolosaldeko herrietako birziklatze tasa %30aren bueltan dabil, eta lau herri hauetan, erabaki honekin, 50 puntu inguruko jauzia egingo dute».

Atez atekoak ohituretan aldaketaren bat ekarriko duela aipatu dute, baina horrekin batera, ziur daude «zailtasun handirik gabe», herritarrak sistema berrira moldatuko direla: «Behingoz, atez atekoa zuzen-zuzenean benetan zer den egiaztatuko da, eta aldaketa hau hoberako izango dela ziur gaude».

Anoeta, Irura, Zizurkil eta Alegiako alkateek, Tolosako Mankomunitateak bezala, atez atekoari aukera bat emateko eskatu dute. Amaia Azkuek azaldu duenez, hemendik sei hilabetetara, parte hartze prozesu baten bidez, emaitzak aztertu, herritarren asebetetzea ezagutu, eta beharrezko moldaketak egingo dituzte udalek herritarrekin.

Aurrez, herritarrei dei egiten diete lau udal hauetako ordezkariek kubo sortak eta gidak jasotzera joateko. Bilketa egiteko beharrezkoak diren edukiontzien banaketa egiten hasita daude dagoeneko. Alegian, adibidez, kuboen % 90 banatuak dituzte jada.

«Informazio okerra»

Zizurkilgo Udalak bere webgunean www.zizurkil.eu-nen azaldu duenez, zintzilikarioen legezkotasunaz herrian banatzen ari diren oharrak dioena «erabat okerra» da. Webgunean jartzen duenaren arabera, Zizurkilgo Udalak argi utzi nahi du eskumena duela herri altzariak hormetan ezartzeko, horrela jasotzen duelako Zizurkilgo plan orokorraren testu laburtuak.

Amasa-Villabonako Udalari eskerrak eman dizkiote

Amasa-Villabonako Zero Zabor taldeak ekitaldi jendetsua antolatu zuen iragan ostiralean Gurea aretoan. Bertan, udalari eskerrak eman nahi izan zizkion, hondakinen gaiaren inguruan egin duen lanagatik, eta bilketa sistema aldatzeko erabakiagatik: «Udal taldearen ausardia txalotu nahi dugu, erabaki honek ekarri dien prezio politiko edo pertsonalaren gainetik, gure ustez zuzena dena defendatu dutelako». Horrez gain, errauste planta bertan behera geldi dadin lanean aritzea ere goraipatu zuten zero zaborreko kideek: «Udalak herritarroi azalpen guztiak emateko egin duen esfortzua nabarmendu nahi dugu. Lehen aldia da, hondakinen gaia herritarrekin eztabaidatu dena, eta lehen aldia da, alkate bati gure iritzia aurrez aurre eman ahal izan dioguna». Birziklapenari aukera bat emateko eskatuz, Amasa-Villabonako Zero Zabor taldeak manifestua kaleratu du, eta herritarrek berau sinatzeko aukera dute.

Bestalde, Lizartzara, Zero Zabor taldearen eskutik Mundumob ekimena iritsi zen ostiralean, pailazo, merienda eta jai giroan.

Auzo konposta ikastaroa eta inaugurazio jaia

Aste Berdea 2013 ekimenaren barruan, Ibarran, konposta nola egiten den erakutsi zuen Sporako kide batek iragan ostegunean. Udalak Azkue auzoan eraikitako auzo konposta gunea martxan jartzeko, bizilagun horientzako zuzendu zuen ikastaroa. Bertan, konposta egiteko beharrezko oinarriak ikasi zituzten. Bestalde, Tolosako Larramendi auzoan, ostiralean, auzo konpostagailuen inaugurazio festa egin zuten. Konpostaren lekukoa Larramendiko bizilagunek jaso zuten, Karlos Irazu artista larrauldarraren eskutik, eta hauek, Amarozkoei pasako diete. Arkauten dagoen auzo konposta gunean 50 familiak egingo dute konposta.

[gallery ids="48156,48157"]

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!