Maiatzaren 6an Anoetan hasi, eta harrez geroztik 28 herri zeharkatu ondoren, asteazkenean eman zitzaion amaiera Larraulen Birziklapen Birari. Guztira, 8.500 herritar pasa dira herriz-herri antolatu diren gune eta hitzaldi-tailerretatik, eta Tolosaldeko Mankomunitatea oso pozik agertu da izandako erantzunarekin.
Amaia Azkue, Mankomunitateko ordezkariak, herritarrak «birziklatzeko beharrarekin geroz eta kontzientziatuago» daudela nabarmendu du: «Herritarren zalantzak argitzen saiatu gara, eta esker hitzak jaso ditugu. Geroz eta kontzienteago dira birziklatzearen garrantziaz eta kontzientziazio kanpaina honekin argi eta garbi ikusi dugu Tolosaldea garbi eta jasangarriago bat egingo dugula guztion artean».
Bailarako 28 herrietan ezarri diren guneez gain, 20 ikastetxeetatik ere pasa da Birziklapen Bira. Bisita horietan, 1.600 ikaslek hartu dute parte, eta horrekin ere gustura azaldu da Azkue: «Birziklatzea hezkuntzaren parte dela ikusi dugu ikastetxeetan, eta eskualdearen etorkizunarentzat ere balore hori beharrezkoa da».
Lanean jarraituko dute
Birziklapen Bira amaitu da, baina Eneko Maioz mankomunitateko kidearen esanetan, «geroz eta jende gehiagorengana iristeko» lanean jarraituko dute «Tolosaldea zero zabor izateko helburuarekin, ahalik eta zabor gutxien sortu, murriztu, berrerabili eta ahal den guztia gaika sailkatuz».
Lehen pausoa, datozen egunetan emango dute, izan ere, hondakinak modu egokian sailkatzeko 25.000 gida eta eskuorri banatuko dituzte etxez etxe «birak etxeetan bizirik iraun dezan».
Izan ere, Azkueren ustetan, «murriztea, berrerabiltzea eta egoki sailkatzea etxe bakoitzean egin beharreko ekarpen txikiak dira. Ziur gaude horrela jarraituz gero, eta guztion ekarpenarekin, eskualdeko birziklapen datuak irauliko ditugula».
Datuak
- 28 herri zeharkatu ditu birak, Tolosaldeko herri guztiak.
- 8.500 herritar pasa dira birak jarritako gune eta tailerretatik.
- 7.000 jogurt banatu dituzte landarea landatzeko haziarekin eta ongarriarekin.
- 20 ikastetxek hartu dute parte bira honetan.
- 1.600 ikasle jaso dituzte 20 ikastetxe horietatik.
- 25.000 gida eta eskuorri banatuko dituzte etxez etxe.