Azken lau urteetako marka jarri du Berastegik maiatzean 302 l/m2 bilduz

Ataria 2013ko ekainaren 7a

Sare sozialetan hainbat txantxa ibili dira bolo-bolo amaitu berri den maiatzean: Eguzkia askatu!,  edo Euskal Ekia Askatu! bezalako mezuak hara eta hona zabaldu dira. Maiatza benetan iluna izan da, udaberririk gabeko baina euri ugariko hilabetea. Berastegin, adibidez, 302,2 litro euri bildu dituzte metro karratuko; Ibiur urtegiko neurketa datuetan,%100etik pasa dira dezimak, eta Bidanian, lau egunetan bakarrik neurtu dute 0,0 l/m2 klimatologoek.  

Udaberri berezi honetako eguratsak eragin zuzena du besteak beste lehen sektorean, eta inguruko landa eremuetan belardiak eguzkiaren zain daude. Baserritarrak belarra moztu beharraren eta ezinaren artean dabiltza, elkarren artean honelako kontuak kontatuz: «Belarra ontzeko ere ez dago tarterik; ez dut hori beste inoiz ezagutu, maiatza garaian».

Inoizko istorioak alde batetara utzi, eta azken egun hauetan eguzkia ikusteko aukera izan dugu. Nekazariak korrika eta presaka irten dira baratzetara, landareak landatzera. Tolosako azokan produktu batzuk falta direla nabaritu duenik izan da, eta epe ertainera ondorioak ageriagoan geldituko dira.

Udaberririk gabeko urtea izan daiteke aurtengoa. Pello Zabala eguraldi gizonak barnealdean eguzkia ikusiko dugula esan du udan, kostaldean argazki hori ateratzea gehiago kostako den arren. Frantziatik iragarpen ilunagoak ere iritsi dira, bi mende atzera egin eta geroztik izan den udarik kaxkarrena izango dela iragartzeko. Badira Iker Ibarluzea ibartar gaztearen moduan, klimatologia maite, eta egunetik egunera bizitzea nahiago dutenak.

Zerbait argi badago, hori  zera da: igogailuan eguraldiaz hitz egiteko inoiz baino arrazoi gehiago daudela aurtengoan.

Prezipitazioa l/m2

2010eko maiatza

Alegia                119,8 l/m2

Berastegi          197,6 l/m2

Bidania             231,5 l/m2

2011ko maiatza

Alegia                  68,5 l/m2

Berastegi            82,2 l/m2

Bidania               76 l/m2

2012ko maiatza

Alegia                   103,3 l/m2

Berastegi              131,8 l/m2

Bidania                  91,8 l/m2

2013ko maiatza

Alegia                   158,1 l/m2

Berastegi             302,2 l/m2

Bidania                249,7 l/m2

Begoña Aristi Nekazaria

«Euriarekin batera, tenperaturaren faktorea ere kontuan hartu behar da»

Zerura begiratzeari utzi eta azken egun hauetan landareak sartu eta sartu dabil Begoña Aristi baratzean, baina berak onartzen duen bezala, presaka eta urtaroaren erritmoarekin gozatu gabe.

Zer moduz joan da maiatza zuen baserrian?

Gaizki. Ez bakarrik baratzean ibiltzen garenontzat, nik uste arlo guztietan joan dela gaizki, baita belarrak egiterako orduan ere. Kanpoan lanik gehien egiten den urtaroa da, eta horrenbeste eurirekin belazetara ezin sarturik ibili gara; ezin izan dugu kanpoko lanik egin.

Zeintzuk dira horren ondorioak?

Aurrera begira atzerapen izugarria suposatzen du horrek. Belarrak galdu egiten dira, adibidez, eta negura begirako uzta guztia hor biltzen da. Baratzean, aldiz, ez daukagu ezer sartzeko, eta ondorioz, azokan saltzeko ere justua, dena atzeratzen baitzaizu. Lapurretan ibiltzen gara, eguzki pixka baten lapurretan, korrika zeozer sartzeko. Lurrak, ordea, gozatu gabe daude, zakar-zakar eginda; baina hori da dagoena.

Aurtengoaren pareko oroitzapenik ba al daukazu?

Horrelako desesperazio sentsaziorik ez daukat gogoan. Egun guztia zerura, leihotik edo eguraldi iragarpenei begira pasatzen duzu, ea atsedenaldi bat noiz emango duen esperantzan. Tarteren bat bada, zalapartan joaten zara landarea sartzera. Iragan astean, egun batzuk onak egingo zituela esan zuten, eta batari eta besteari deika hasten zara, landareak ekartzeko eta esanaz: korrika.

Euriak bakarrik ekarri al dizue kaltea?

Udaberria beti izan ohi da gorabeheratsua. Euria beti egin izan du. Aurten, ordea, alde batetik udaberriko egun sanorik ez du egin, eta bestalde, hotzaren faktorea gehitu behar zaio. Euria egiteaz gain, hotza egin du. Negutegiak dituztenek ere esan dute hori, hain zuzen ere, negutegian egon arren, landarea ez dela mugitu hotz horrengatik. Tenperatura oso baxuak eduki ditugu.

Larunbateroko Tolosako azokan, nabaritu al dira ondorioak?

Ilarrak adibidez oso gutxi egon dira. Produkturen bat falta dela nabari da, baina hori baino gehiago, hemendik aurrerakoak sortzen du kezka. Udarara begira, landareak landaturik egon behar zuen iadanik, fundamentuarekin, baina aukerarik ez denez egon, udaberriko gutxi hori bukatzean ikusi egin beharko da zer datorren. Azken egun hauek probestu ditugu landarea sartzeko: presaka.

Zein landare landatu dituzue?

Tomatea, gindilla, txorizeroa, pepinoa, zerbak, letxugak... ahal izan dudan guztia. Lurra, ordea, oso zakarra dago oraindik, eta berriro ere euria eta tenperatura baxuak datozenez, ea zer etortzen den. Gozatu gabe ari gara, ez urtaroak agintzen duen erritmo horretan.

Iritzia

Aurten udararik ba ote?

Iker Ibarluzea

Hasta el 40 de mayo, no te quites el sayo. Aurten bete-betean asmatu du esaera zahar honek. Hau ere gehituko nioke: Hasta San Fermin, con bufanda y calcetin. Negua joan ote den oraindik ere zalantzak ditugun honetan, azken hilabete hauetako eguraldiaz nazkatuta gauden honetan, askok eta askok egin izango diote galdera bere buruari: aurten, erritmo honetan, udarik ba ote?

Gure Euskal Herri heze honen klimak duen berezitasuna horixe da ordea: eguraldi mundialak, 20-25 gradu, zeru urdin eta haize goxokoak, esku batez kontatzeko adina egiten dituela. Aurtengo maiatza euritsu joan da, urtea bezalaxe. Berastegin ia 200 litro ur pilatu dira hilabete honetan. Hau oso normaltzat jo behar da gure kliman, batez ere urte sasoi honetan, non euria erraz eta erruz, hilabete hauetan egiten duen. Normala ez dena da, orain dela bi urtekoa adibidez, non 50 litrotik behera geratu ziren balore horiek. Asko dira urte batean euri gutxi egite soilagatik, klima aldatzen doala diotenak. Lurrean, klima beti doa aldatzen, gehiago edo gutxiago; azken urteetan gehiago gizakiak lagunduta; beraz, urte bat lehor badoa ez du zertan klima aldaketaren prozesu izan. Ez gaitezen beraz segituan aztoratu urtea euritsu edo lehor doalako.

Baina hasierako gaira bueltatuz, aurten udaberririk ez dugu izan. Nire ustez, zuzenean goaz negutik udararantz, zeren udaberriko eguraldiak bi edo hiru egun izan dira.  Uda noiz etorriko ote da ordea? Zaila da esatea uda nolakoa izango den. Pello Zabalak tenporak erabiltzen ditu, gutxi gorabeherako iragarpen bat egiteko. Egia da nik tenporak jarraitu izan ditudanetan, %85 batean edo asmatu dutela, baina ni ez naiz horien zalea. Nik egunean egunekoa segitzea nahiago dut eta hilabete bat edo bi hilabeteko iragarpen horiek baztertu. Oso zaila da egun batzuetara zer eguraldi egingo duen jakitea zeren probabilitateak asmatzeko asko jaisten dira.

Udari begira, badut nik esperantza eguraldi on eta beroak izango ditugula, zeren klima honetan hilabete gehiegitan eguraldi euritsua badugu, normalean hurrengoetan eguzki eta berotik gehiago izaten da. Ezin da ziurtatu ala izango denik, baina esperantza ez da inoiz galdu behar. Beraz, pazientzia izan eta zain egotea besterik ez zaigu geratzen, ea eguzkia behingoz indarrez sartu eta eguraldiak saneatzera egiten duen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!