Patxi Ruiz, Pilotari ohia
Urte hasieran zintzilikatu zituen galtza zuriak Patxi Ruizek (Lizarra, 1980). Bizkarreko lesioaren ondorioz sasoirik onenean pilotari agur esan zion. Bizitzaren joan etorriek eskualdera ekarri dute eta «Berrobin oso integratua» dagoela dio. Pilotari zenekoaz, oraingoaz eta gerokoaz hitz egin dio HITZAri.
Patxi Ruiz, Berrobin[/caption]
Urtarrilean ofizialki esan zenion betirako agur pilotari «honaino iritsi naiz, bukatu da» izan ziren zure hitzak. Bost hilabete pasa dira, nola zaude orain?
Erabakia hartu aurreko momentu haiek oso gogorrak izan ziren. Nire bizitza erabat baldintzatuko zuen erabakia izango baitzen; pilotan jarraitu edo betirako utzi. Osasunak ez zidan lagundu eta galtza zuriak betirako zintzilikatu nituen. Hasiera hartan makina bat negar egin nuen, baina orain hobeto nago. Bizitzak aurrera jarraitzen du, semea eta familia ditut eta aurrera egin beharra dago.
Ebakuntza egin zizutenean medikuak kantxara itzuliko zinela agindu zizun.
Berme guztia eman zidan pilotan jarraitzeko, errekuperatzeko 6 edo 7 hilabete beharko nituela esanez. Baina bosgarren hilabetean dena okertu zen, ikaragarrizko minak nituen eta nik ez nuen nire burua pilotalekuan ikusten. Urtebete egon nintzen errekuperatu nahian baina ezinezkoa izan da.
Minik ba al duzu orain?
Egunak ditut, batzuetan minzurria edukitzen dut eta negu honetan zer esanik ez. Oraindik ez nago %100.
Horrek zer esan nahi du, nekez hartuko duzula berriro pilota eskuetan?
Ez dut uste berriro pilotan hasiko naizenik, pilotan jokatzeko posturak ez diote nire bizkarrari onik egiten eta. Oraindik ez naiz frontoira pilota partida bat ikustera joan, telebistan ikusten ditut eta ikaragarrizko pena sentitzen dut, inbidia pasatzen dudala onartu beharra daukat.
Zure bizitza pilotari loturik egon da...
Txikitatik pilotan bakarrik egin dut, ikasi ere gutxi egin nuen eta pilotan bakarrik nekien egiten. 8 urte nituenean hasi nintzen pilotan Lizarrako San Miguel pilota elkartean, orduan nire aitak ere pilotan jokatzen zuen. 10 urterekin Nafarroako Txapelketa irabazi nuen. Pilotaz ulertzen dutenek dohain handiko pilotaria nintzela zioten eta horrela egin nuen salto profesionaletara 18 urterekin.
Palmaresean sari bikainak dituzu gainera.
1997an, Mexikon Munduko Txapelketa irabazi nuen. Han partidak erraz irabazi nituen, zailena hemen aukeratua izatea da. 2003an, berriz, 23 urterekin Buruz Burukoa irabazi nuen, pilotari batek irabaz dezakeen txapelik maitatuena.
Galtza zuriekin berriro ikusiko ez bazaitugu, maillotarekin ikusten zaitugu orain!
Txirrinduan ibiltzen naiz orain, Betelu, Azpiroz eta Leitzaldeko itzulia egiten dut. Kirola egiten ohitua nago eta sasoia mantendu beharra dago.
Izango duzu oraindik bete gabeko ametsen bat...
Pilotari nintzenean kirol asko ezin nituen praktikatu eskia, zaldi gainean ibiltzea... Baina betidanik eduki dudan ilusioa rallyetan parte hartzea da, abiadura maite dut.
Zein da zure egunerokoa orain?
Goizetan semea zaintzen dut eta arratsaldez Masaje eta Bizkarreko Teknikoa ikastaroa ikasten
ditut Iruñean, bi urteko ikastaroa da eta azken urtean nago orain.
Eta zure etorkizuna?
Krisi ekonomikoa dela eta gizartea ez dago egoerarik onenean baina ikasten ari naizena egin nahi nuke, hasi eta frogatu behintzat.
Lizarran jaio zinen eta bizitzaren joan etorriek Tolosaldera ekarri zaituzte. Zure amona ere hemengoa omen zen, sustraietara itzuli zara.
Berrobin bizi naiz eta oso gustura gainera, elkarte gastronomikoan bazkide naiz, herriko lagunekin ehizara joaten naiz,... oso integratua nago. Amona ere Tolosaldekoa zen bai, jaiotza dokumentuetan Berastegi eta Berrobi azaltzen zaizkio. Amonak oraindik badaki euskaraz!
Eta zu zer moduz moldatzen zara euskararekin?
Hiru urte egin ditut euskaltegian, baina oso gogorra egiten zait. Gainera hemen oso azkar hitz egiten duzue eta lotsa ere ematen dit. Anje semea izango dut agian irakaslerik onena.
Herrian badituzu pilotari gazteak, pasa den urteko Herriarteko Txapelketan punta puntan izan ziren. Zer esaten diezu?
Zaintzeko esaten diet adin kritikoan daudelako. Bizitza diziplinatua eman behar dutela, baina pilota gustuko badute entrenatzeko gozatu ere egingo dutelako.
Di-da batean
Tolosaldeko txoko bat. Belabieta. Uso postuak ikusi eta Donostia ikustea zoragarri da.
Lizarrako edo Ibarrako piperrak. Berrobikoak nahiago.
Pilotari bat. Zabaleta.
Kirol bat. Txirrindularitza.
Afizio bat. Ehiza.
Sagardoa edo Nafarroako ardoa. Errioxako ardoa.