Leitzako Kultur Aroa ari da pixkanaka amaierara iristen. Hala, asteburu honetan izango du azken ekitaldia, V. Sagardoaren Eguna, hain zuzen. Bi egunetan banatuko da ekimena. Bihar, hitzaldi bat izango da, eta etzi, larunbatean, sagardo dastaketa egin ahalko da.
Biharko hitzaldiari dagokionez, Jakoba Errekondo izango da sagardoaren historiaz ariko dena. 20:00etan izango da, Aurrerako aretoan.
Larunbatean, berriz, 19:00etatik 21:00etara gauzatuko da euskal sagardogileen dastaketa, Leitzako plazan. Hain zuzen ere, Gipuzkoako eta Nafarroako 20 sagardogileren sagardoa dastatu ahalko du bertaratzen den orok: Añota, Astarbe, Arratzain, Calonge, Iparragirre, Izeta, Larre-gain, Lizeaga, Ohiharte, Oianume, Petritegi, Satotxa, Zabala, Zalbide, Barkaiztegi, Isastegi, Gartziategi, Egi-Luze, Toki Alai eta Oialume-zahar.
Horrez gain, jatekoa ere izango da plazan bertan, eta musikaz alaiturik giro paregabea izango dela azaldu dute antolatzaileek, herritar guztiak bertara gonbidatuz.