«Argi dut ahal dudanera arte jarraituko dudala eskiatzen profesional moduan»

Ataria 2013ko ekainaren 6a

Adur Etxezarreta Eskiatzailea

Emaitza bikainak ari da lortzen Adur Etxezarreta aresoarra gehien atsegin duen kirolean, eskian. 17 urte baino ez ditu, eta dagoeneko sari garrantzitsuak lortu ditu. Azkenak Espainiako alpino Eski Txapelketan: slalomean eta konbinatuan, absolutu mailan hirugarren eta jubeniletan txapeldun. Emaitza hauekin «oso pozik» eta bide beretik jarraitzeko gogoz dago.

Aurtengoa zure urterik oparoena dela esan al daiteke?

Bai. Emaitza oso onak lortu ditut, eta oso pozik nago. Jubenil mailan berriki hasi naiz lehiatzen, eta gaur egun gazteenetakoa naiz. Pasa den urtean ere emaitza onak lortu nituen. Jubeniletan, esaterako, Espainiakoan slalomean irabazi egin nuen, eta Italian parte hartu nuen txapelketa batean lehen postua lortu nuen jubeniletan.

Denboraldi berriari begira zein da zure hurrengo erronka?

Espainiako Txapelketetan aurten eman dudan maila berean mantentzea, eta Italian-eta egiten ditugun txapelketetan goiko postuetan geratzea da nire helburua. Bestalde, mundu mailako eskiatzaileen rankingean postuak igotzea ere bada nire xedea. Espainiako rankingean, esaterako, zazpigarren postuan nago.

Orain denboraldia hasi berritan zaudete. Zein da zuen egitaraua?

Maiatzaren erdialde aldera hasten dugu denboraldia, eta Aste Santua bukatzearekin batera amaitzen da. Une honetan, aurre denboraldia izaten da, eta lehiaketekin azaro inguruan hasten gara.

Nola prestatzen duzue aurre denboraldia?

Prestakuntza fisikoa izaten dugu. Horrez gain, hilabetean bitan-edo irteerak egiten ditugu glaziarretara, bertan entrenatzeko. Pasa den urtean, esaterako, Austrian izan ginen.

Eta, gainerakoan, nola izaten da eski denboraldia?

Azken hiru urteetan, Sierra Nevadako elite mailako teknifikazio zentroan nago. Neguko zati handiena bertan igarotzen dut. Hilean, esaterako, bi aste igarotzen ditut han entrenatzen. Gero beste aste bat lasterketetara joaten gara, eta geratzen den astea etxera deskantsatzera etortzeko baliatzen dut.

Dagoeneko munduko hainbat lekutan egona zara, beraz.

Bai, batera eta bestera asko mugitzen gara, eta gustatzen zait horrela ibiltzea.

Eta eskolara joateko astia nondik ateratzen duzu?

Gainerako ikaskideek klasean egiten dutena, nik kanpoan nagoenean egin behar izaten dut. Hilabetean aste batez etortzen naizenean orduan baliatzen dut azterketak eta lanak egiteko. Zaila da, baina, momentuz nahiko ongi ari naiz moldatzen. Ikaskideek ere asko laguntzen didate, beraz, eskertzekoa da.

Noiz hasi zinen eskiatzen?

Gurasoekin hasi nintzen eskiatzen bost urte nituenean. Segituan gustatu zitzaidan. Frantziara joaten ginen, eta han ikusten nuen eskiatzaileek nola egiten zituzten lasterketak, eta konturatu nintzen nik ere hori egin nahi nuela. Bederatzi urte nituela Candanchun (Aragoi, Espainia) Nafarroako Eski Taldearekin hasi nintzen entrenatzen, eta azken hiru urteetan, berriz, Sierra Nevadako zentroan nago.

Zure erronka eskiaz bizitzea al da?

Oso gustura nago, momentuz gauzak ongi doaz, beraz, nire asmoa eskiatzen jarraitzea da. Adin honetan, normalean teknifikazio zentroetan entrenatzen egoten gara, eta gero, gora egiteko aukera baldin baduzu, talde nazionalean sartzen zara, eta orduan munduko txapelketetan lehiatzen hasten zara. Nik argi dut ahal dudan arte jarraituko dudala eskiatzen profesional moduan. Baina, hori bai, ikasketak albo batera utzi gabe. Etxean ere gurasoek ikasketak burutzea dela niretzat etorkizunerako onena esaten didate.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!