Bernardo Atxaga, Idazlea
Datorren uztailean beteko dira 25 urte ‘Obabakoak’ eleberria Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951) argitaratu zenetik.
1988ko uztailean kaleratu zuen liburuaren inguruan azaroan atera zen prentsan nobelari buruzko lehendabiziko iruzkina, Argia aldizkariko zutabe txiki batean. Urte hartan, gutxi izan ziren Obabakoaki buruz ariko ziren kritikak.
Mende laurdena pasata, kritikak bakarrik ez, makina bat laudorio eta sari jasotakoa da eleberri ospetsua. Baita Atxaga bera ere. ‘Nevadako egunak’ izena hartuko duen nobelarekin, unibertso hura berriz bisitatzeko asmotan da Atxaga.
2013a ere ongi hasi duzu, Best European Fiction bilduman sartzea lortuta. Zer esan nahi du zuretzat honelako sariak jasotzen jarraitzeak?
Gure amak esaten zuen bi gauza direla mundu honetan tristeak: bata ezteiak, eta bestea jendearentzat edota jendaurrean lan egitea. Niri horixe egokitu zait, irakurleentzako lan egitea, eta horregatik, garrantzia handia dute niretzat honelako errekonozimenduek. Idazleak probaketa moduko batean bizi gara etengabe, eta nolabait beste froga bat ere gainditu dudala esan dezaket.
Obabari begira jarrita, zer aldatu da azken 25 urteotan?
Ni neroni aldatu naiz. Noski, objetiboki begiratzen jarrita, Obaba bera ere aldatuko zen, baina urteen poderioz gehien aldatzen dena norberaren begirada da, ikuspuntua, pentsatzeko modua. Alboka jotzen denean bezala, airea barrutik doa etengabe, ez da kanpotik pasatzen, eta adibide horixe erabiliko nuke barne aldaketa hori irudikatzeko. Aldaketa erabat positiboa da niretzat, Obabakoak idazteak lagundu egin baitzidan neure burua eta gainerakoena ulertzen, mundua ulertzen, eta horregatik bakarrik, merezi du bidaiak.
Unibertso hura sortu zenuenean, pentsatu zenuen horrenbesteko eragina izango zuenik?
Orduan ezinezkoa zen horrelakorik pentsatzea, ez baikenuen erreferentziarik. Ez genuen sobera sinesten. Beste literaturak oso urruti zeudela iruditzen zitzaigun, eta ez nuen sekula pentsatuko honaino heltzerik. Oraingo idazleek, aldiz, ikusi gaituzte gu liburu bat idatzi eta horrekin itzulpenetara iristen, munduan zehar zabaltzen. Ingeniari bati behin galdetu zioten txoriek zertan lagundu zuten hegazkingintzan, eta hark erantzun zuen ez zutela ezertan lagundu, bataren eta bestearen hegaldiak oso direlako desberdinak. Baina bai egin zutela gauza garrantzitsu bat; ideia eman zuten. Aukera bazela erakutsi. Eta guk ere horixe egin dugula iruditzen zait.
26 hizkuntzatara itzulia izan da Obabakoak. Asko aldatzen zaio kolorea hizkuntza batetik bestera, edota pantailara salto egiterakoan?
Hori banan-banan aztertu beharreko kontua litzateke, itzultzailearen arabera. Badira testuarekin enpatia gehiegirik ez duten itzultzaileak, eta horiekin gaizki ulertuak sor litezke. Finean, itzultzailea irakurlearengandik testurainoko bitartekaritza lana egiten duena da, oso erabakigarria, beraz. Zinearen kasuan, zorte handia izan dut nire pelikulekin, begirada desberdinak eskaini dizkietelako zuzendariek, denak ere oso interesgarriak eta liburuari on egiten diotenak. Liburutik pantailarako saltoak nabaritu egin behar du, eskulturan ere ez baitira berdinak egurrez edo paperez egindako obrak, baina aldaketa hori oso aberasgarria da.
Bernardo Atxaga[/caption]
Hasieratik egin zenuen euskaraz idazteko hautua. Beti jarraituko diozu hasierako bide hari?
Honezkero, erremediorik gabe! Beti pentsatu izan dut Bolshoi dantzariari antzeman egin behar zaiola bere jatorria, non ikasi duen dantzan, zein den bere eskola. Bada, uste dut kasu honetan ere hala beharko lukeela izan. Badira idazle batzuk, Txilardegi eta konpainia, beste hizkuntza batean ikasi eta irakurri, eta euskaraz hutsaren gainean idazten hasi zirenak. Ni, ordea, giro batean, lur abitatu batean hasi nintzen, eta zentzu horretan organikoa izan naiz. Onena horri eustea dela iruditzen zait, horrelako hautu batek erro sakonekoa behar baitu izan.
Euskara bera ere aldatuko zen urte hauetan guztietan?
Noski aldatu dela, eta ez bakarrik modu linguistiko edo ideologikoan. Hizkuntza baten etxea oso leku haizetsua da, eta Montaignek esan zuen moduan, idazleak azokan erabiltzen diren hitzekin egin behar du lan. Berriak sortu daitezke, zaharrak galdu, eta beste batzuk moldatu; tentsio horretan bizi behar du idazleak.
Egun badago zuena bezalako generazio gazte eta abangoardistarik?
Ez dut uste gure generazioarekin inor alderatu daitekeenik, eta uler dadila ondo, izan ere, Iturralde, Juaristi, Sarrionandia, Erzilla eta konpainiak osatzen genuen taldea, oso baldintza zailetan sortu eta garatu zen. Egoera alegal batean geunden, diru laguntzak izatea erabat absurdoa zatekeen, eta ez genuen ezta erregistrorik ere. Beti ibiltzen ginen oreka larrian. Basamortuan sortutako kaktusak gara. Akaso, egoera osoago baten lan gehiago egingo genuen, baina aldi berean indarra ere ekarri genuen.Gaur egun, aldiz, izenetan eta ikusi izan ditut joera tremendistak, jendeak uste baitu taldeari «Hautsi eta Jo» izena jarriz gero dena eginda dagoela, baina ez da hori bakarrik.
Gazteek badute literaturarako benetako afiziorik?
Esan ohi da ezetz, baina kontua da, nongo gazteek? Agian hemengoek ez, edo bai, baina hori kultura orokor baten barruan kokatu behar da, ez baita berdin irakurtzen Bilbon edota Lyonen, esaterako. Askotan, irakurketa fenomeno isolatu edo bakan baten moduan planteatzen da, baina kultura orokor batekin dago lotua. Nik uste gazteek hemen irakurtzen dutela, eta askoz gehiago irakurriko luketela erakutsiz gero. Horretan eskolak eginkizun handia dauka; egiten ote duen? Ez nuke inor mindu nahi baina iruditzen zait ezetz, eta agian izango naiz injustua, baina hor daukagu katenbegietako bat. Oso arduratuta naukan gaia da.
Teknologiak kalte edo mesede egiten dio literaturari?
Berriz ere albokarena datorkit gogora, denak pasa behar du gure barrutik. Barrua sendoa bada, pertsonak dena izango du aldeko; aldiz, hala ez bada, bere erreakzio bakarra kanpoko haizea hartu eta puztea bada, ez dago zer eginik. Dena da pertsonaren araberakoa, eta ni horretan oso fio naiz. Niri, partikularki, teknologiak izugarri lagundu dit, herri txikian bizi bainaiz, eta aurrerapenei esker, badakit basamortuaren bazter batean bizi naitekeela, eta, aldi berean, kulturaren barruan egon.
Ekonomia zientzietan lizentziatua izanda, egungo egoerak ere arduratuko zaitu...
Gaur egun begiratu beharreko fenomenoa, edo behintzat niri atentzioa gehien deitzen didana, hizkerarena da; nola ari den erabiltzen hizkera garbi-garbi injustizia nabarmen eta larriak ezabatzeko, disimulatzeko. Esate baterako, orain ez denbora asko Margaret Tatcher hil zenean, eskerrak Gerry Adamsek esan zuen zer nolako kaltea egin zion emakume horrek Ingalaterrako jende behartsuari edota Irlandako herriari, bestela, hor non esan zuen Espainiako Gobernuko presidenteak Tatcherrek Ingalaterra salbatu zuela. Salbatu? Nola erabili liteke salbatu hitza politikaz ari garela? Horrelako jarrerekin lortzen duen bakarra bera egiten ari dena ezkutatzea da, hau da, pobreak pobretu eta aberatsak aberastu.
Euskal Herriko gatazka politikoa askotan aipatu izan duzu zure lanetan. Egun, zer idatziko zenuke horri buruz?
Azken urteetan, nire idazteko eragilea bortxakeria zegoela izan zen. Eta bortxakeriaren aurrean nahitaezkoa da erreakzioa, edo hala ikusten nuen behintzat. Orain, ordea, maratoiaren bukaerara oso nekatuta iritsi naizela iruditzen zait , orain arte, bizitza osoan zehar ibili izan baikara ETA dela, ETA ez dela... Eta horrekin bizitzea neketsua da oso. Erabat gogor nago horri dagokionean, oso gutxi jarraitzen dut Euskal Herriko politika, iruditzen baitzait nire sorraldian nahikoa izan dudala. Gatazkaren plateretik nahikoa jan dut dagoeneko.
Une honetan bideragarria ote da zuk 90eko hamarkadan proposatutako Euskal Hiria?
Seguruenik ez, zeren proposatutako garaian ere askok atzekoz aurrera ulertu zuen, edo ez zuen ulertu nahi izan. Ipuin italiar batek dioen moduan, ume batek eraman dezake zaldi bat errekara ura edatera, baina zaldiak ez badu urik edan nahi, alferrik dira hogei gizon hari bultzaka; kasu honetan, berdin. Nik uste ideia on bat dela, oso erraz mamitzen dena gaurko gure egitura fisikoekin ere, eta ideologikoki interesgarria da benetan. Uste dut etorkizunean aurrera aterako dela, erreferentzia modura behintzat balioko duela. Azken batean, utopia mota bat da, elkarbizitza lagundu dezakeen leku utopiko bat.
Gordetzen duzu oraindik orain harremanik Asteasurekin?
Bai, oraindik ere lagunak ditut han, eta beti gustatu izan zait hango haizeak arnastea. Askotan egiten dut joan etorriren bat, gurasoak ere bertan baitauzkat. Ni ez naiz oraingo Asteasu horretan bizi, zer den ere ez dakit, baina, zorionez, oraindik bada zerbait garai bateko Asteasu hartatik.
Letrez gain, zein beste pasio ditu Bernardo Atxagak?
Lehenbizikoa, paseatzea. Gurdibidetik, ez mendi garaietatik, baina bai oinez ibiltzea. Gainontzekoak, artearekin loturiko pasioak dira. Izugarri gustatzen zaizkit, esaterako, musika eta pintura. Eta hortxe mugitzen da nire bizimodua, etxeko lanez gain, emaztearekin paseatu, musika entzun, irakurri eta ahal badut pintura ikusi. Ez daukat aparteko bizimodu heroikorik, iruditzen zait ardura nagusiak barnean ditugula, gure munduan, gure buruan, edota gure sentimenduetan, eta horien peskizan bizi naiz.
Zein dira aurrera begira dituzun proiektuak?
Nevadako egunak izeneko nobela idazten dihardut orain, aurten bukatzeko asmotan, eta horixe da orain nire eginkizun nagusia. Lan honetan berriz ere Obabakoak liburua bisitatuko dut, nahiz Nevadako ibilerak ere kontatuko ditudan. Obabakoaken lehenbizikoz jorratutako gai asko ukituko ditut berriro, eta nahiz eta beste modu batera, atzean fenomeno berbera egongo da.