Atez atekoaren aurka mobilizatu dira Villabonan eta Zizurkilen

Ataria 2013ko ekainaren 4a

Tolosaldea Txukun plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten ostiralean Villabonan eta Zizurkilen atez ateko sistema ez ezartzeko eskatuz.

Arratsaldeko zazpietan, aterkipean, abiatu zen manifestazioa Birziklapena bai, inposaketarik ez lelopean eta Patxi Amantegi, Tolosaldea Txukuneko bozeramailea buru zuela. Isilik zeharkatu zituzten bi herrietako kaleak «isiltasun horrek alkateen ahotsak baino oihartzun gehiago» duelakoan.

Bidean, manifestazioaren buruak txaloak jaso zituen Tolosaldeko herri ezberdinetatik etorritako ehunka lagunen partetik. Tartean ziren, besteak beste, Oscar Renedo eta Jose Ignacio Asensio Tolosako PSEko ordezkariak, edo Maria Angeles Lazkano Zizurkilgo alkate ohia (EAJ).

Beste eskualde batzuetako herrietatik ere hurbildu ziren Villabonara, atez atekoaren aurkako Legazpi eta Bergarako plataformak kasu. Bergara Garbia plataformak adibidez, 5. edukiontzia bai! 4.691 sinadura, atez atekoari EZ! lelodun pankarta eraman zuen; legazpiarrek berriz, Atez atekorik ez. 3.683 legazpiar atez atekoaren kontra lelopean zeharkatu zituzten Villabonako kaleak.

Manifestazioaren amaieran, Patxi Amantegik atzera egiteko eskatu zien Alegia, Anoeta, Irura, Villabona eta Zizurkilgo alkateei. «Izan daitezela ausartak, har ditzatela eredu gisa Donostia, Bergara edo Legazpiko udalek egindakoak, eta bilatu dezatela herritar guztion arteko adostasuna. Tolosaldea Txukunetik, prest gaude beraiekin hitz egiteko eta guztion nahiak asetuko dituen sistema bat bilatzeko».

Era berean, atez atekoarekin jarraitzea «inposizioa» dela salatu nahi izan zuen Amantegik, eta horrela, herritarren arteko «liskarra sortu» besterik ez duela egin esan zuen Tolosaldea Txukuneko ordezkariak.

Bestalde, desobedientzia zibila egitera deitu zituen atez atekoaren aurka dauden herritarrak, beti ere, «errespetua» erabilita.

Tolosaldean atez ateko sistema ezarri behar duten herrietako alkateen erreakzioak

Unai Iraola | Alegiako alkatea

«Legitimoa da manifestatzea, baina guk ere badugu legimitatea hautetsi moduan herriarentzat hoberena den erabakia hartzeko, eta gure informazioaren arabera, atez atekoa da».

Pello Estanga | Anoetako alkatea

«Guztiz errespetagarria da, eta ona gainera norberak bere iritzia azaltzea. Baina herritarrentzat hoberena delako hautatu dugu atez ateko sistema eta apustu horrekin jarraituko dugu».

Ainhoa Ugalde | Irurako alkatea

«Eskubide guztia dute euren iritzia plazaratzeko, baina atez atekoaren aldeko apustua ona dela uste dugu. Ondo ari gara lanean eta bide horretan jarraitzeko asmoa daukagu».

Galder Azkue | Amasa-Villabonako alkatea

«Beraien iritzia plazaratzeko eskubidea dute, baina guk gure programarekin jarraituko dugu zero zaborrerako bidea eginez. Nire ustez batzuk gai honekin burua galtzen ari dira».

Joxe Mari Luengo | Zizurkilgo alkatea

«Engainu asko dago alderdi batzuen partetik, eta jendeak benetan ez daki zer den atez atekoa. Guk atez atekoan sinesten dugu emaitza hoberenak ematen dituelako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!