Lore eta landareek jarri dute kolorea

Ataria 2013ko ekainaren 4a

Ekainaren lehen eguna ere euripean esnatu zen, baina Lore eta Landareen Azokak eman zion kolorea Tolosari. Trianguloa plaza landare eta loreez betea zen. Lorezainez gain, ordea, erlezainak ere izan ziren beraien postuekin. Hainbat produktu ikusteko eta erosteko aukera izan zuten Tolosara joan zirenek. Hauez gain, artisauek San Frantzisko pasealekua hartu zuten. Era eta estilo ezberdinetako postuak izan ziren, asteburu osoan zehar.

Ez zen azoka bakarra izan. Artearen hamaika adierazpenez gozatzeko aukera izan zen San Esteban auzoan dagoen BOX.An. Egun osoz, Black Market arte azoka egin zuten. Hainbat postu izan zituzten, eta bazkaria ere bertan egin zuten. Ondoren, musika izan zen Marie Deaureren eskutik, eta afariak eta honen atzeko dantzaldiak eman zioten amaiera azokari. Era berean, Txinparta elkartean, asteburuan, Bisigu Festa egin zuten. Honela, bazkari eta afariekin Tolosa eta Orio elkartu nahi izan zituzten.

Tolosaz gain, Anoetan ere festak izan dira nagusi asteburuan. Atsedenik hartzeko tarterik ere ez dute izan, ekitaldiz betetako egunak izan baitituzte aurretik. Igandean igo zen kukua aurtengo jaiei agur esateko.

Aldarrikapenerako tartea ere izan da, eta Tolosako Asuncion klinikako langileak, Inviza enpresakoak, mobilizatzen ari dira «murrizketarik gabeko» lan hitzarmena lortzeko. Pasa den astean egin bezala, Tolosako Trianguloa plazan izan ziren, larunbatean. Ordubetez protesta egin zuten, eta gerturatutako herritarrei informazioa eman zieten, bizi duten egoera zein den azalduz.

Zeberiori omenaldia

Ina Zeberioren hilketaren 15. urteurreneko omenaldia egin dute, Lizartzan. Larunbat eguerdian, ordea, Lizartzatik joandako senideak eta lagunak Gernikan bildu ziren bera hil zuten etxearen atarian. Gernikako lagunekin batera, omenaldi xumea egin zuten. Igandean, lehenik eta behin, Axurdario mendian dagoen oroigarrian ere ekitalditxo bat egin zen eta oinez joan zirenak gero hamaiketakoa egin zuten. Eguerdian, herrian burutu zuten ekitaldi nagusia, eta ondoren elkartean bazkaria egin zuten.

Tolosaldean euskal preso eta iheslarien alde Herrira-k antolatutako mobilizazioetan hainbat herritarrek parte hartu zuten, maiatzeko azken ostiralean: Zizurkilen 30 pertsona; Amasa-Vilabonan, 112; Iruran, 20; Ikaztegietan, 16; Anoetan, 47; Tolosan, 73; Ibarran, 33; Berrobin, 8; Berastegin, 24; Leaburu-Txaraman, 13; Gaztelun, 21; Lizartzan, 36; Altzon, 20; Alegian, 20, eta Amezketan, 12.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!