Zazpi urrezko domina eskuratu dituzte tolosar atletek Euskadikoan

Ataria 2013ko ekainaren 4a

Maila bikaina erakutsi dute, beste behin Tolosako atletek. Izan ere, Donostian izan berri den Euskadiko adin txikikoen txapelketan 7 urrezko domina eskuratu dituzte.

Junior mailan Aitor Arraiza bi aldiz igo zen podiumera. Pisuan Euskadiko txapeldun izan zen 13,39 metro jaurtiz eta diskoarekin bigarren postua lortu zuen, 41,96 metrorekin. Ibai Goñik ere urrezko domina eskuratu zuen 110 metro hesietan, 17,03 eginez.

Jubenil mailan emaitzak are hobeak izan ziren. Iker Ortizek jabalinan (44,17 m), Imanol Mendizabalek diskoan (42,37 m), Nerea Muruak 400 metroetan (1.01.67), Amaia Elizegik 400 metro hesiak (1.09.40) eta Helene Colomok diskoan (35,93 m) garaipena eskuratu zuten. Nerea Muruak, gainera, 800metroetan ere domina eskuratu zuen, hirugarren helmugaratuz  baitzen. Pisuan, berriz, Anton Elosegik zilarrezko domina eskuratu zuen (11,79 m) eta Ander Lakunza hirugarren izan zen (11,19 m). Podiumera igo ziren baita ere Julen Martin luzeran (5,52 m) eta Ainhoa Rueda  100 metro hesietan (15,38). Azkenik, Iñigo Puertak 100 eta 200 metroetako probetan bere markarik onena lortu zuen.

Durangon izandako txapelketan, berriz, Maria Alvarezek mailuan Espainiko Txapelketara joateko gutxieneko marka lortu

berri du 41,33 metroko jaurtiketarekin.

Bestalde, Eskolarteko Euskadiko Txapelketan ere Tolosako zenbait atletek hartu zuten parte, Durangon. Nesketan, Laura Biurrun eta Maria Lasa izan ziren. Lehenengoak 80 metroetan 10,85eko denbora egin zuen, eta bigarrenak altueran, 1,40 saltatu zuen. Mutiletan berriz, Anoetakoek, talde modura parte hartu zuten eta emaitza onekin, gainera. Hirugarren postua eskuratu zuten, bigarrengo taldearekin berdinduz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!