Gaizka Etxebeste, Eider Mintegi eta Beñat Leunda, Ikasle Abertzaleakeko kidea
Greba orokorrarekin bat egiteaz gain, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzeko lanean ere buru-belarri ari da Ikasle Abertzalea. Gobernuen erabakien aurka agertzearekin batera, Euskal Herriarentzat eredu propioa aldarrikatzen dute.
Gaizka Etxebeste, Eider Mintegi eta Beñat Leunda[/caption]
Egungo egoerarekin larriturik eta etorkizunarekin kezkaturik, gaurko greba orokorraren eta abian jarri duten gutun sozial baten berri eman dute horietako hiru ikaslek.
Azken bost urteotan sindikatu abertzaleek deituriko seigarren greba orokorra da. Hain larria al da egoera?
Bai, oso larria ere. Greba orokorra deitzeko arrazoiak egunero izaten dira, bizi dugun egoera ikusita. Krisia hasi zenetik gobernuek hartutako neurriekin, gure hezkuntza sistema murrizten ari dira, baldintzak okertu dizkigute, matrikulen prezioak igotzen jarraitzen dute, eta horrekin guztiarekin, etorkizuneko gure egoera asko ari dira zailtzen. Horri erantzun bat eman behar zaio, eta greba erantzuteko modu bat da.
Zeren ondorio da egun bizi dugun egoera ekonomikoa?
Krisiak eraginda, gobernu desberdinek hartutako erabaki murriztaileen ondorio da egoera hau, krisiarena berarena baino. Erabaki hauek, botere politikoarengan egon ordez, botere ekonomikoen esku egoten dira, eta haiek aplikatutako politika neoliberalen erruz iritsi gara egoera honetara.
Zuen ustetan, noren esku legoke konponbidearen gakoa?
Oso erraza da, jendearen esku. Jendeak presioa egingo balu, gizarte osoak presioa egingo balu, ez legoke estaturik gizartearen borondatearen aurka egingo lukeenik. Jendeak horren kontzientzia izan behar du, eta jakin konponbidea gure eskuetan dagoela.
Greba honen deialdia egiterakoan, nolatan elkartu zarete eragile sozial desberdinak sindikatuekin batera?
Langile munduaz gain bestelako esparruak ere erasotuak izaten ari direla ikusita, ikasleona esaterako, erabaki genuen honelako deialdiek bestelako babes bat behar zutela, osoagoa, eta horregatik hartu genuen sindikatuekin batzeko erabakia. Egoerak okerrera egin ahala, orduan eta arrazoi gehiago dago indar desberdinak batu eta eremu desberdinetako eragileak deialdira gehitzeko.
Zein da une honetan greba orokor bat deitzeko arrazoia?
Gehienbat, azkenaldian hartutako politikekin ados ez gaudela esatea. Baina greba honek izan du berezitasun bat, ez baita atzoko lan uztearekin bakarrik amaitzen. Segida bat eman nahi izan diogu, mobilizatzen jarraitu nahi dugulako, eztabaidatzen eta alternatibak plazaratzen jarraitu nahi dugulako, eta horregatik, guk ere Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren eraikuntzan parte hartuko dugu.
Zertan datza gutun horrek?
Herrietan, eskualdeetan, gehiengoarengana iritsi, eta eztabaida zabal bat jarri nahi dugu martxan oinarri batzuen gainean. Horrela, zein Euskal Herri mota nahi dugun, zein ereduri jarraitu nahi diogun edo zein eskubide dagozkigun erabakiko dugu. Modu honetara, elite ekonomikoek erabaki ordez, gure esku egongo da gure etorkizuna, izan ere, gutun horrek legitimitate handia edukiko du instituzioei gure nahiak exijitzeko. Eztabaidak garrantzia handia izango du, baina ez da horretan bukatuko; gutun hori tresna modura erabiliko dugu borroka soziala indartzeko eta gure aldarrikapenak egiteko. Horren atzetik ere bide luzea etorriko da, oraindik erabat zehaztu gabe badago ere. Zalantzarik gabe, atzoko grebak jarraipen indartsua izango du gutun sozialari esker.
Zergatik behar du Euskal Herriak eredu propio bat?
Argi ikusten dugulako zein ondorio ekartzen dituen eredu propioa ez izateak. Autogobernua badaukagula esaten digute, baina gero LOMCE bezalako erreforma baten aurrean babesik gabe geratzen gara. Hezkuntza sistema goitik behera aldatuko digute, eta ez daukagu horri aurre egiteko tresnarik. Horregatik behar dugu eredu propio bat, guk erabaki behar dugulako gure etorkizuna, eta ez beste inork.
Zer da itun horren bitartez lortu nahi duzuena?
Eztabaida ahalik eta zabalena izanda, herritarren gehiengoak gutun hori bere sentitzea nahiko genuke. Era horretara, herritarrek heurek hautatutako eredua dela sentitzen badute, askoz ere errazagoa izango da hori instituzioen aurrean defendatzea.
Zein paper jokatuko duzue ikasleek gutun honen eraketan?
Herritar moduan arituko gara, baina gure ikuspuntua ahalik eta zabalen ematen saiatuko gara. Azken batean, guk geure errealitatea bizi dugu bai eskoletan, bai unibertsitateetan, eta, oro har, ikasle bezala, eta hori islatzen saiatuko gara. Noski, gure ekarpenak ez du langileenarekin zerikusirik izango, eta horregatik, ikuspuntu berri batek diskurtsoa aberasteko balio lezake.