Greba orokorrarekin ia gizarte osoak egin du bat. Sindikatuek jarraipena «ia erabatekoa» izan dela azaldu dute, bai lantegietan eta baita komertzioetan ere. Industriguneetan ia ez da jarduerarik izan, eta Tolosa, Villabona eta Ibarrako kaleetan, esaterako, komertzioak itxita egon dira erabat, salbuespenen bat tarteko. Garraio publikoan gutxieneko zerbitzuak izan dira, eta eraikuntza arloan ere oro har geldituta egon da.
LAB sindikatutik Pasaban eta Voith enpresetako langileek grebarekin bat ez egitea salatu dute: «Baldintza onenetakoak dituzten langileak dira, eta gehiengoak grebaren alde ez egitea gizarteari bizkarra ematea da».
Eskualdeko udaletan ere lanuzteak izan dira, eta Tolosako Udalean, esaterako, zenbait zerbitzu ez dira eskaini, udal bulegoak eta Usabal kiroldegia, besteak beste. Beste zenbait alorretan gutxieneko zerbitzuak eskaini dira, Iurreamendi egoitzan eta Uzturre zentroan, besteak beste.
Anoetan herriko festetan daude, eta jai batzordeak grebarekin bat egin du. Horrela, atzokoan herritarrek antolatu eta aurrera eramandako ekitaldiak egin zituzten bakarrik.
Tolosako Samaniego ikastetxeko langileen (irakasleak, hezitzaileak eta sukaldariak) gehiengo batek «beste mobilizazio ekintza bat» antolatu du greba orokorreko egunean. «Jasaten ari garen murrizketen aurrean grebarako arrazoiekin bat eginda ere», lanera joan dira, eta greba eginik administrazioak soldatatik kentzen duen diru ordaina eskolak dituen beharrak asetzeko erabiliko dutela azaldu dute. Murrizketarik ez lelopean elkarretaratzea egin zuten, atzo, langileek.