Ikasturte amaierarekin batera, ikastetxeak hasi dira beren festa egunak antolatzen. Biharkoa, Tolosako Samaniego ikastetxearen eta Ibarrako Uzturpe ikastolaren eguna izango da.
Samaniegoko guraso eta ikasleek Uzturpe frontoian burutuko dituzte jarduerak, 12:00etatik aurrera, eta ikasleen emanaldiekin hasiko dute eguna. Era berean, haurrentzako puzgarri eta futbolin erraldoiak, ludoteka, globoflexia, nahiz aurpegia margotzeko tailerrak izango dira.
14:30ean bazkaldu eta gero, ume jolasekin jarraituko dute, eta kirol jokoak ere prestatu dituzte. Azkenik, Egan taldearen emanaldia eta txokolate jatea izango dira.
Ibarran ere jaia
Ibarrako Uzturpe ikastolan ere, ikasleen jaialdiak irekiko du egitaraua, perkusioa, dantza, antzerkia zein bertsoak eskainiz.
Bazkalondoren, berriz, toka, puzgarriak, dantzaldia eta hockey erakustaldia izango dira. Antolatzaileek ikasle eta guraso ohiak ere gonbidatu dituzte.