Leitzako artisau azoka, «oso arrakastatsua»

Ataria 2013ko maiatzaren 28a

Kultur aroaren barruan XXXV. Leitzako Eskulangintza azoka ospatu zuten igandean,  «erositako eguraldiarekin». Antolatzaileak oso gustura agertu dira bildutako jendetzarekin: «Eguerdian plaza gainezka zegoen; jaunartzeak eta abar zeuden eta horrek ere jendea plazara erakarri zuen. Arratsaldean lasaiago egoteko aukera egon zen, eta artisauak ere oso gustura aritu ziren eskulanetan, eguzkiaz gozatuz, joateko presarik gabe. Oso gustura gelditu gara». Azokan bildutako jendetzak aldarrikapen ekimen bati babesa azaldu zion, sinadura bitartez eta animoekin; Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideek eskerrak eman nahi izan dizkie euren postura gerturatuko guztiei, eta baita Leitzako Kultur Taldeko kideei ere, azokan lekua egiteagatik.

Sinadura kanpaina oraindik ez dela amaitu gogoratu dute plataformatik, eta herriko tabernetan, udal bulegoetan edo hainbat dendatan ekimenarekin bat egiteko aukera dagoela aipatu dute.

Leitzan bezala, Tolosaldean ere jai giroak eta aldarrikapenek bat egin dute asteburuan. Alde batetik, Bedaio, Lizartza, Tolosa eta Villabona aipatu behar dira. Herri hauetan aisialdia izan zen ekitaldien ardatza. Bedaion Asteburu Kulturala ospatu zuten, eta tartean, Xabier Amuriza egon zen Lazkao Txikiren ibilerak kontatzen eta kantatzen. Kanturako, Villabonako Gurea antzokia, bertan ospatu baitzen Euskal Herriko haur eta gazteen kantu txapelketa. Asteazkenean jakingo da finalerako zein talde sailkatuko diren. Tolosaldea.hitza.info webgunean emanaldiko hiru bideo ikus daitezke. Tolosari dagokionez, besteak beste Txapin festa ospatu zen, Ahora! Astearekin elkarlanean. Une ikusgarrienak Oria ibaian bizitu ziren, baltsen jaitsierarekin. Urtero bezala, arraroa blai eginda bukatu ez zuena. Lizartzan, azkenik, Ez gara Palestinaz ari bertso musikatu eta komikoarekin gozatu zuten igandean, Kultur Astearen barruan. Aste honetarako hainbat ekimen antolatu dituzte, eta horietan lehena, gaurkoa, landareei buruzko hitzaldia da. 19:00etan Jagoba Errekondo Lizartzan egongo da hizlari bezala.

Bestalde, jai kutsutik haratago, aldarrikapenek hartu zuten Tolosa erdialdea, larunbatean. Tolosaldeko Emakume Mundu Martxako Plataformak deituta, Trianguloan, Indarkeria sexistari aurre hartu! lelopean Amagoia Elezkano laudiotarraren erailketa salatu zuen hainbat herritarrek. Huyck Wangner-eko langileek asteroko elkarretaratzea egin zuten. Hauen ondoan, TOPAko kideak aritu ziren osasun publikoaren aldeko lan nekaezinean. Asuncion Klinikaren egoera langileek ere salatu zuten, herritarrei pultsua hartuz, murrizketen aurka protesta eginez, bata txuri eta guzti.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!