Buruz Buruko Pilota Txapelketatik kanpo geratu da Abel Barriola leitzarra

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 28a, 10:24

Abel Barriolak ezin izan du Olaizola II.a gainditu, eta eskuzko Buruz Buruko Txapelketan 22-16ko emaitzarekin amaitu du bere ibilbidea.

Pasa den larunbatean jokatu zuten norgehiagoka, Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta Barriola txukun aritu zen arren, sakez min handia egin zion goizuetarrak.

Norgehiagokaren hasieran, Olaizola II.a ohiko bizitasunik gabe aritu zen, eta Barriola berriz, kolpe freskoarekin hasi zen, eskuin eskuan izandako arazoak atzean utzita.

Gauzak horrela, arriskuak hartzea erabaki zuen Aimar Olaizolak, sakearekin. Barriolak ez zuen jakin sakeei ondo erantzuten, eta horrez gain, tanto bakar bat egin zuen.

Airez nahiz botez erantzun zien Barriolak Olaizolaren pilotakadei, eta eramatea lortu zuen pilotakada gehienetan, Olaizola II.ak tantoa gehiago luzatzeko asmorik gabe, hiru t’erditik eta lautik gantxo gurutzatuak eginez amaitu zituen tanto asko.

Hurrengo jardunaldian finalerdian izango dira jada, eta Olaizola II.ak Urrutikoetxea izango du aurkari; aipatzekoa da, goizuetarrak atzeratu egin duela partida.

Oinatz Bengoetxea leitzarrak, berriz, pasa den asteburuan Jaunarenari irabazita, Juan Martinez Irujoren aurka ariko da, eta koska hori gainditu beharko du, ekainaren 16rako aurreikusi duten final handian jokatu ahal izateko.

Tolosa ongi, herriartekoetan

Herriarteko txapelketak aurrera doaz, bai eskuz eta baita zesta puntan ere; Tolosak irabazi egin du azken jardunaldian, bietan.

Eskuz, Amezketa atzetik jarri da Hernaniren aurkako neurketan, partida bat irabaziz eta beste bat galduz. Kadeteak 21-22 galdu zuen, jubeniletan 22-5 irabazi, eta nagusietan 5-22. Zizurkilek, bere aldetik, Bergararen aurka abantaila hartu du, 2-1 irabaziz joanekoan. Hala, kadeteetan 22-8 irabazi zuten, jubeniletan 22-2 irabazi, eta nagusietan 7-22 galdu.

Tolosaldeko taldeek jokatu dituzten beste bi neurketetan, eskualdeko taldeek elkarren aurka jokatu dute. Tolosak aurre hartu dio Berrobiri norgehiagokan, 2-1eko emaitzarekin. Kadeteetan tolosarrek 22-11 irabazi zuten, jubeniletan 22-9 ere irabazi, eta nagusietan 7-22  galdu. Berrobik zaila izango du bere etxean neurketari buelta ematea.

Eskualdeko taldeen arteko beste neurketan Bidegoian aurreratu da 1-2ko emaitzarekin Alegiari. Kadeteetan 7-22 irabazi zuen Bidegoianek, jubeniletan 9-22 irabazi zuen ere, eta nagusietan 22-7 irabazi zuten alegiarrek.

Herriarteko zesta puntari dagokionez, Tolosak irabazi egin zuen Karmelo Baldako jardunaldia, oso partida estuekin, Donostiaren aurka. Zumaia izango du hurrengo aurkaria, datorren astean.

Ogi Berri Txapelketa

Tolosako Beotibar frontoian Migel Soroaren oroimenezko I. Ogi Berri Pilota Txapelketaren beste jardunaldi bat jokatu da asteburuan. Final-laurdenetan lehiatu dira pilotariak eta partida gogorrak ikusteko aukera izan dute pilotazaleek.

Kadete mailan Errandonea-Mendia bikoteak 22-10 irabazi dio Egiguren-Erauskin bikoteari. Etorkizunekoetan, Irribarria-Erasun bikotea izan da garaile, 22-15 irabaziz Larrañaga-Aburuza bikoari. Elite mailan izan da jardunaldiko markagailu estuena, Artola-Peñas bikoteak 22-20 irabazi baitio Victorrek eta Rezustak osatutakoari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!