Ekainean parte hartze prozesua jarriko du abian Leitzako Udalak herritarrekin, eta bertan diseinatuko dute Maxurrenea etxearen proiektua. Behin zehaztuta dagoenean, Nafarroako Gobernuari aurkeztuko diote.
Laster herritar guztiek euren etxeetan jasoko dute udalak Maxurrenearentzat eginiko proposamena, triptiko baten bidez. Proposamen horretan, Maxurrenea erabilera anitzeko kultur etxe moduan aurreikusten dute, erakusketentzat eta emanaldientzat egokituriko gelekin, musika eskola bertan kokatzeko gelekin, liburutegiarekin edota bilera gelekin. Halaber, eraikinaren kanpoaldean duen lur zatian baratza sozialak jartzea ere aurreikusi dute.
Herritarrek proposamen horren inguruko iritzia emateko aukera izango dute, eta euren ideiak aurkeztu ahalko dituzte. Azkenean denen artean adosturiko proiektua zehaztea da udalaren helburua.
Ekimenek aurrera
Bestalde, Maxurrenea herriari itzultzea eskatzeko ekimenek aurrera jarraitzen dute, Maxurrenea Herrintzat plataformak bultzatuta. Dagoeneko 800 sinadura baino gehiago bilduak dituzte, eta euren erronka 1.500 sinadura jasotzea da. Hala, igandean Leitzako plazan izango den Eskulangintza Azokan mahaia jarriko dutela adierazi dute, eta bertan sinatzeko aukera izango da.
Bestalde, herriko eragileekin ere bildu dira plataformako kideak, eta taldeetako eta elkarteetako kideen artean kanpaina zabaltzeko konpromisoa hartu dute.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak ekainaren erdialdera Maxurrenea etxearen egoera eta euren eskaera aztertuko dutela aurreikusten dute, eta aldarrikapena kalean presente egotea garrantzitsua dela iritzita, manifestaziora deitu du plataformak ekainaren 8an. Leitzako kaleetan zehar izango da, 12:00etan abiatuta. Bada, herritar guztiak gonbidatu dituzte bai bertan parte hartzera, bai eta euren eskaerarekin bat eginez sinatzera.