Sekula gehiago errepikatuko ez den hitzordua

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 24a, 11:09

Sakramentinoetako patioan emanaldia izango da gaur gauean, Bonberenea Txaranga eta lagunekin

Azken ukituekin ari dira Sakramentinoen patioan, biharko emanaldirako.

Ahora! Asteko egitarauko hitzordurik nabarmenetako bat izango da gaur, Bonberenea Txaranga eta Lagunak kontzertuan. Txarangarekin batera, hainbat kolaboratzaile ariko dira taula gainean, eta denek nabarmendu dute emanaldiaren berezitasuna; kontzertua bakarra izango dela diote.

Batetik, lekua bera azpimarratzekoa da, Laskorain ikastolako Sakramentinoen patioan ari baitira jada, oholtzari azken ukituak ematen; antolatzaileek, besteak beste, ikastolako ikasle nahiz guraso ohiei keinu bat egin nahi izan diete modu honetara, eraikin eta patio zahar-berritua ikusi ahal izango baitute. Gogora ekarri behar da, Laskorain ikastolak eraberritze lan hori finantzatzeko eta Usabalgo eraikina handitzeko baliatuko duela 2013ko Kilometroak jaia.

Emanaldiaren formatua ere berezia izango da, ordea, txaranga baino, banda edo orkestraren izaera hartuko dutelako oholtza gaineko musikari gazteek. Eurekin batera, Humuseko Natalia Garmendia, Pirritxen eta Porrotx, Glaukomako Juantxo Arakama, Su ta Garreko Aitor Gorosabel, Doctor Deseoko Francis Diez eta Zea Mayseko Aiora Renteria ariko dira; guztia Jon Altuna txarangako zuzendariaren gidaritzapean abiaraziko dute.

Aurretik, antolatzaileek Zerkausian afari legea egiteko gonbitea egin dute, larunbatera bitarte sardina jatea izango baita. Afalondoan, kalejiran igoko dira Sakramentinoetara. Kontzertua 22:00etan hasiko da.

Azkenik, zenbait sorpresa gorde dituzte arduradunek, emanaldi «errepikaezin» honetarako. Sarrerak eskuragarri daude, oraindik, 10 euroren truke, Denak, Meskal, Raku eta Orbela tabernetan, Bonberenan, Ahora! dendan eta Laskorain ikastolan.

Kontzertuko kolaboratzaileak

Juantxo Arakama

Glaukoma

«Nire ustez kontzertu hau jaialdi errepikaezin bat da, oso zaila delako, ezinezkoa ez esatearren, txaranga hau horrelako maila duten hainbeste lagunekin zuzenean ikustea. Kontzertu hau, batetik, erronka bat da niretzat, txaranga batekin zuzenean abestuko dudan lehen aldia izango delako. Bigarrenik, ohore bat ere bada, Bonberenea Txaranga, gaur egun Tolosan dagoen musika erreferente garrantzitsuenetakoa izango delako ziurrenik. Eta azkenik, festa bat izango da, eta orain arte egindako lanaren isla. Txaranga bera, bakarrik, sekulako ikuskizuna baldin bada, pentsa Francis, Aiora, Aitor Gorosabel eta gainerakoekin... Nik jendeari argi eta garbi esango nioke, kontzertu hau ez dela errepikatuko; kontzertu hau bakarra izango da, eta galdu nahi ez duenak han egon beharra dauka».

Aitor Gorosabel

Su ta Gar

«Niretzat, benetan, oso gauza hunkigarria da. Hain estilo desberdinetako hainbeste musikari norberaren musika erabiltzen ikustea, niretzat beste plus bat da, harro sentitzeko beste arrazoi bat. Gainera, txaranga izena ez da oso aproposa, herrietan izaten diren musika banda erdi profesional horietakoa delako hau niretzat. Musikari oso onak ariko dira, eta bandaren soinua  izugarri ona da. Ni hasieran harrituta geratu nintzen, oso harrituta, bertsioen diskoa argitaratu zutenean; zein afinatuta eta zein ondo entzuten den. Entseguetan ere, errepikatu egin dugu kantu bakoitza, baina behin jota ere nahikoa izango zen. Edozein pertsona animatuko nuke emanaldia ikustera, musikari zoragarriak eta gazteak daudelako, gauzak egiteko gogoarekin. Merezi duen zerbait egiten ari dira, eta hau guztia Pirritx eta Porrotxekin batuta, nahasketa benetan ederra dela uste dut. Etortzen ez denak pena izango du».

Natalia Garmendia

Humus

«Oso-oso kontzertu berezia izango da egingo duguna. Lagun asko elkartuko gara, eta guztiok elkarrekin egindako zerbait izango da; oso pozik nago egia esan. Gainera, txarangako kideak betidanik ezagutzen ditudan arren, lehen aldiz izango dut eurekin zuzenean kolaboratzeko aukera, eta oso berezia izango da niretzat, formatu honetan lehen aldiz abestea. Etxeko jendea izanda, gainera, ohore bat izango da bertan egotea».

Aiora Zulaika

Pirritx pailazoa

«Kontzertua oso-oso berezia izango da. Txarangako gazteek entsegu ordu asko sartu dituzte, eta Ahora! proiektuan Bonberenearen aportazioa hau izatea nahi dute beraiek. Guk Bonbereneakoekin harremanetan eta gauzatxoak eginez urteak daramatzagunez, ez genuen zalantzarik izan. Lehenago disko bat ere egin genuen elkarrekin, eta beraz, guk ere, sentitu, pentsatu eta ahora, gazteekin. Zuzenean lehenago ere kantatu izan dugu txarangarekin, baina guk saio handi-handiak egin izan ditugunean, BECen nahiz Kursaalean. Hiriburu guztietan elkarrkein izan gara, bai Hego eta bai Ipar Euskal Herrian. Baina desberdina da zure saioan, pailazoak beren sketxetan ari direla, txaranga etorri eta Maite zaitut zuzenean abestea, edo kontzertu hau. Orkestra formako saioa izango da, eta kantari handiekin parte hartuko dugu gainera. Pailazoak gustura jardungo gara, eta guretzat ere erronka polita da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!