San Sebastianek Omega Pharma-Quick Step taldearekin proba egingo du

Ataria 2013ko maiatzaren 24a

Xabier San Sebastian Oriako Limousin taldeko txirrindulari tolosarrak hiru eguneko proba pasako du Omega Pharma-Quick Step belgikar taldearekin. Jubenil mailako bigarren denboraldia ari da egiten, eta bertatik deitu diote proba egin dezan. Txirrindulari gazteak onartu egin du gonbita, eta igandean abiatuko da Belgikara, eta asteazkenean egingo du buelta.

Xabier San Sebastian txirrindularia[/caption]

Hiru egun pasako dituela bertan argitu du gazteak, eta bi entrenamendu egiteaz gain, taldea eta bere funtzionamendua ezagutzea izango ditu helburu. Taldeak, aldiz, tolosarraren maila ikusteko baliatuko du saioa.

Iaz garaipen gehien izan zituen taldea da Omega Pharma-Quick Step belgikarra. Bertatik deia jasotzeak, «indarra eman» diola esan du San Sebastianek. «Honelako talde batetik deitzeak gauzak ondo egiten ari naizela esan nahi du», gaineratu du. Proba honetara joango den euskaldun bakarra da eta Europa mailako hamahiru txirrindulari baino ez ditu aukeratu belgikar taldeak. «Espainiatik granadar bat doa, eta besteak, italiarrak, txekiarrak, danimarkarrak edota belgikarrak izango dira». Beste herrialdeetako txirrindulariek duten maila zein den ikusteko ondo etorriko zaiola adierazi du.

Denboraldi bikaina

Denboraldiaren lehen zati bikaina egin du tolosarrak, hainbat garaipen eskuratuz. Denboraldia bukatu bitarteko lasterketa guztiak ditu begiz jota: «lasterketa guztiak dira garrantzitsuak».

Taldearen eta entrenatzaileen lana garrantzitsutzat jo ditu gazteak, eta baita gurasoek egiten dutena ere. «Nik nire lana egiten dut, baina talderik eta laguntzailerik gabe ez nintzateke hemen egongo», gaineratu du.

Bost urte daramatza txirrindu gainean. Memento honetan ez du ametsik, eta pausoz pauso joan nahi du aurrera. Ikasketak ere aurrera atera nahi ditu, eta Belgikako probaz gain, selektibitateari ere aurre egin beharko dio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!