«Gu ondo bizitzeko, ezinbestekoa dugu biodibertsitatea zaintzea»

Ataria 2013ko maiatzaren 23a

Tolosako Zerkausian eskualdeko hiru herritako ikasleak elkartu ziren atzo, biodibertsitatearen inguruan bi urtetan egindako lana plazaratzeko. Alegia, Ibarra eta Tolosako ikasleek biodibertsitatea zaintzea «beharrezkoa» dela aldarrikatu zuten, besteak beste, ondorengo onurak ekartzen baititu: «Elikagaiak, ur garbia, jantziak, aire garbia, energia eta eraikuntzarako materiala».

Zerkausian elkartu zirenei biodibertsitatea zer den azaldu zien labur-labur: «Landare eta animali aniztasuna». Horren inguruan egindako azterketen ondorioak ere plazaratu zituzten: «Biodibertsitatea ez dago behar adina zaindua, izan ere, elikagaien ekoizpenean pestizidak eta produktu kimikoak erabiltzen dira. Bestalde, obra handien eraikuntza, AHT adibidez, ibaiaren egoera desegokia, zabor pilaketa eta landare inbaditzaileakin...».

Guzti honen atzean, «herritarren kontzientziazio eta konpromiso falta dagoela» salatu zuten ikasleek. Kritika egitearekin batera, adibidea ematen lehenak izan nahi dutela ere agerian gelditu zen, hainbat konpromiso publiko eginaz: «Zakarrontzi egokiak erabiliz berrerabili eta birziklatuko dugu; jendeari biodibertsitatearen galeraren inguruko informazioa emango diogu, eta gai honen inguruko proiektuetan gure iritzia eman eta parte hartuko dugu».

Alegia, Ibarra eta Tolosako ikasleek herritarrei euren konpromisoak hartzeko eskatu zien, deialdi zuzena eginaz: «Egunerokotasunean biodibertsitatearen alde egitea eskatzen dizuegu. Denon artean lor dezakegu: biodibertsitatea zaindu, eta bizitzaz gozatu!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!