'Emakumeak busti egiten dira' proiektua jarriko dute martxan, Leitzaldean

Ataria 2013ko maiatzaren 23a

Emakumeek ibaiekin eta urarekin izan duten harremanaz gogoeta egin eta erakustea du xede CRANA Nafarroako Ingurumenaren Arloko Baliabideen Zentroak Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin lankidetzan abian jarri asmo duen ekimenak. Emakumeak busti egiten dira izenburupean emakumeak elkartu nahi dituzte, ibaiekin izan duten erlazioa ikertu, eta hori egutegi batean ikusarazteko.

2010ean hasi ziren proiektuarekin, eta Nafarroako hegoaldeko hainbat eskualdetan osatu dituzte dagoeneko egutegiak. Aurten, berriz, iparraldeko isurialdeko ibaietan kokatu nahi izan dute ekimena, eta horietan emakumeek izan duten presentzia erakutsiko dute.

Amaia Zalba Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun teknikariak azaldu bezala, eskualdeko 15 urtetik gorako emakumeak elkartu nahi dituzte. «Historian zehar eta gaur egun, ibaiarekin edo uraren kudeaketarekin emakumeek izan duten harremana, eta horren  inguruan sortu izan diren lanak, garbiketak, esaterako, esperientziak eta bizipenak ezagutu eta elkarrekin partekatuko ditugu», adierazi du.

Lau tailer

Proiektua gauzatzeko lau tailer egingo dituzte, eta emaitza 2014. urteko egutegia izango da. Egutegi horretan irudien eta testuen bidez irudikatuko dute Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko emakumeek urarekin izan duten harremana. Urte bukaeran banatuko dituzte doan egutegiaren 500 ale. Hauek lau herrietako egoitza publikoetan nahiz komertzioetan egongo dira eskuragarri.

Ekainaren 5ean leitzako udaletxean, 18:00etan hasita egingo den lehen tailerrean egutegiaren eraketa prozesuarekin hasiko dira, argazki zaharrak eta berriak alderatuz. Bigarren tailerrean, Marina Aoiz idazleak hartuko du parte, eta partaideek egutegian azalduko diren idatziak landuko dituzte. Hirugarrenean, egutegiari forma emango diote, eta laugarren tailerrean guztia osatu eta kaleratu egingo dute.

Berdintasun teknikariak azaldu duenez, beste herrietan eginiko tailerretan «esperientzia oso politak bizitu dituzte». Hala, proiektua osoa izan dadin adin guztietako emakumeak biltzea dela egokiena gehitu du, eta herritar oro animatu du parte hartzera. Interesa dutenek maiatzaren 31 baino lehen eman beharko dute izena gizarte zerbitzuetan 948 51 08 40 telefono zenbakian. Tailerra euskaraz izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!