Amarotz Mendi elkarteak antolatuta, XI. Araxesko Mendi Itzulia izango da igandean. Amarotz auzotik abiatuko den mendi ibilaldia iraupen luzekoa da eta Mendiko Euskal Federazioaren egutegi ofizialean sartuta dago.
Izena Internet bidez eman daiteke, www.zirkuitua.com helbidean, edota igandean bertan, 06:30etik aurrera, eta aurten ere doan izango da. 42 kilometroko luzera du ibilbideak, eta 9 orduko iraupena antolatzaileek zehaztu dutenez. Mendizaleak 07:00etan abiatuko dira, txartel banarekin. Horiek kontrol guztietan aurkeztu beharko dituzte. Txartel horretan jarriko du, esaterako, zein diren antolakuntzak jarritako kontrol guneak.
Bestalde, urrutitik iritsiko direnentzat, bezperan lokal bat egokituta izango dute, bertan zakuan edo esterillan lo egiteko. Ibilbidean oinarrizko hornidura postuak jarriko dituzte (kafea, salda, fruta, eta abar); hala ere, antolakuntzak partaideei gomendatzen die norberak bere janari eta edariak gainean eramatea.
Mendi ibilaldia bukatzen dutenei diploma bana emango zaie, oroigarri gisara. Horrez gain, ibilaldia bukatzean opari zozketa bat egingo dute. Azken hornidura ere izango dute mendizaleek: ibilaldia bukatzen denean, partaideei plater bana paella, txorizo pintxoa eta baso bat sagardo eskainiko zaizkie.