Victor Taibo: «Madrilen azken 20 urteetako desgasterik handiena jasan du PPk osasunaren gaiarekin»

Ataria 2013ko maiatzaren 22a

Victor Taibo, Abokatu laborista

Espainiako hiriburuan zerbait aldatu da azken bi urteetan. Victor Taibo (1979, Madril, Espainia) gazteak gertutik jarraitu ditu Madrileko «eztandak». Abokatu laborista izateaz gain, Marea Berdeko kidea da Taibo.

Krisiak murrizketak ekarri ditu, eta honek, gizartearen mugimendua; politikariek ere horretan zeresana izan dute, hainbat erabaki politikok suari gasolina bota besterik ez baitiote egin. 2012. urtean, 3.419 manifestazio egin zituzten Espainiako hiriburuan, eta aurten, marka hori apurtzen ari dira. Hezkuntza, osasuna, ekonomia,... arlo guztiak salaketaz jantzi eta kalera irten dira. Gure eskualdean zeresana eman duen eta ematen ari den osasun publikoaren gaia azpimarratu du Taibok, eta Madrilen  egin den lana, eredugarria dela dio abokatu laboristak.

Madrilgo «eskuinaren erasoak» eta hiritarren erantzuna izango dituzu hizpide hitzaldian.

M15 mugimenduaren sorreratik gaur egunera bitarteko errepaso labur bat egingo dut, hiritar eztandak ardatz hartuta. Mugimendu horiek azaltzeko, urte guzti hauetan PP alderdiak izan duen gehiengo absolutu ahula aztertu behar da. Krisi ekonomikoa lehertu zenean, gauza asko lehertu ziren Madrilen.

PP alderdiaren gehiengo ahula esan duzu?

PPk azken urteetan bi autonomia kontrolatu ditu: Valencia eta Madril. Kolpetik eta oso denbora gutxian, menpekotasun erlazio hori euren aurka jarri da.

Espainiako hiriburuan nola irudikatu da gainbehera hori?

Madrilen, PPren oinarri soziala desagertzen ari da izugarrizko abiaduran. Deskonposizio prozesu batean daude. Adibide bezala, medikuak aipa genitzake; osasungintza sektorea. Gobernuan dagoen alderdiari bozkatzen zioten medikuak eta erizainak zenituen lehen, baina orain, guzti horiek euren aurka jarri dira; egon diren mobilizazioak eta gizarte eztandak ulertzea ezinezkoa izango litzateke, bestela.

Hauteskundeetan mugimendu guzti horrek zein isla duen ikusi beharko da, ezta?

Hainbat inkesta atera dira hauteskundeen inguruan, eta horietan, Metroscopiarena kasu, PPk botoen erdiak galduko lituzkeela agertzen da. Bai Madrilgo Erkidegoan eta baita hiriburuko udaletxean ere. Aurreikuspen horien arabera, gainera, IU alderdia bigarren indarra izatetik oso hurbil egongo litzateke. Finean, mobilizazio guzti horiek politikan euren isla izatea logikoa da, eta ezkerreko ikuspegitik gainera.

Azken aldian, LOMCE hezkuntza erreforma albiste  bilakatu da. Marea Berdea, ordea, ez da iragan ostiraletik hona sortutako zerbait.

Hemen Esperanza Aguirre izan dugu urte luzez agintzen, eta hezkuntzaren aurkako erasoak ez dira gauza berria. Opus Deirekin lotura duen sektoreak agindu du, hau da, PPren alde atzerakoiena ezagutu dugu. 2011ko irailean, bitarteko irakasle guztiak kaleratu zituzten. Horrek dena lehertarazi zuen; jendea sutan jarri zen.

Tolosaldean osasun publikoaren aldeko borrokan dabil TOPA herri plataforma. Madrilen, Marea Txuria izango litzateke antzeko helburuak jarraitzen dituen mugimendua.

Osasunean Madril laborategi bat bezala erabili dute. Hemen esperimentatzen zutena, ondoren, estatuko beste lekuetara eramaten zuten. Esperanza Aguirrek sortutako ospitale guztiak pribatuak izan dira, eta Princesa Ospitalea geriatriko batean bilakatu nahi zutela zabaldu zenean, eztanda berri bat eragin zuten gizartean. Hortik sortu den guztia, gainera, benetan eredugarria izan da.

Nola laburbilduko zenuke pribatizazioaren aurkako mugimendu hau?

Azpi-azpitik sortutako mugimendu masiboa izan da. Madrilgo ospitale eta osasun zentro guztietan langileen asanbladak sortu zituzten, eta hauetan, erasoei aurre nola egin eztabaidatzen hasi ziren. Kalera atera eta informazioa banatzen ibili ziren, eta hori oso garrantzitsua izan da, iritzi publikoa eurenganatzea lortu baitute. PP alderdiak Madrilen azken 20 urte hauetan jasan duen desgasterik handiena, inolako zalantzarik gabe, mugimendu honek sortu dio.

Itxialdiak sonatuak izan ziren?

Asanblada hauetatik ateratako ideia izan zen, eta ospitale guztietan egin zituzten. Gobernua atzera egin beharrean aurkitu zen, eta hainbat garaipen lortuak dira: Hasiera batean 20 zentro kontzertatu behar ziren, eta azkenean sei edo zortzi izango direla diote orain; ospitaleekin ere gauza bera gertatu da, zortzitik bira jaitsi dituzte kontzertatuak. Hala eta guztiz ere, oraindik hori ikusteko dago.

Sindikatuen papera zein izan da «eztanda» hauetan?

Gaindituak izan dira; ez dute mugimendu hau bideratzen jakin. Adibidez, osasunaren inguruko mugimenduak langile borrokaren molde tradizionaletan antolatu dira: asanbladetan, erresistentzia kaxak sortuz, 100.000 euro bildu zituzten, eta abar. Sindikatuak jokoz kanpo gelditu dira. UGT eta CCOO iraganean gelditu dira, krisi aurreko garaian. Borrokak elkartu beharrean, akordioak lortu nahian ibili dira alde batetik eta bestetik. Horren emaitzak ikusi eta nozitu ditugu: atzerakadak, patronalaren poztasunak, eta eraso bortitzagoak.

Aukera galtzen ari direla iritzi duzu.

Osasunaren inguruko mugimendua bere indar guztiarekin azaleratu zenean, guztia hankaz gora gelditu zen. Sindikatuek une hori aprobetxatu behar zuten, Madrilen dena gelditzeko, greba orokorra deituz. CCOO eta UGTren delegatuek, ospitaleetan, ez zuten urrats hori ematen jakin, eta ondorioz, ez zen grebarik antolatu erkidegoan. Gaindituta ibili dira, eta lehen esan bezala, langile borrokaren tresnak erabiliz gainditu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!