Ba al zenekien 15,4 tona zabor biltzen dela urtean Tolosaldean? Eta biltzen denaren %81 birziklagarria dela? Eta 45.000 tona plastiko isurtzen dela munduko ozeanoetara, eta ondorioz 100.000 ugaztun eta milioi bat hegazti hiltzen direla?
Datu horiek eta gehiago aurki ditzake, hilabete honetan zehar eskualdeko herrietan barrena dabilen Birziklapen Birako gunera gerturatzen denak.
Birziklatzearen garrantzia helarazi eta herritarren zalantzak argitzeko hilabete hasieran hasi zen bira Anoetan. Harrez geroztik, 18 herri bisitatu ditu, eta 14 ikastetxeetako gaztetxok bertaratu ahal izan dute.
«Erosi, erabili, bota prozesuarekin puskatu eta horren ordez, murriztu, berrerabili eta birziklatu egin behar dela transmititzen diegu gerturatzen direnei» dio Garazi Osa, birako arduradunetako batek. Horretarako, birziklapena egitearen eta ez egitearen arteko aldeak azaltzen dituen erakusketa bat erabiltzen dute.
Bisita, birziklapena modu egokian ez egitearen ondorioak ezagutzetik hasten da: zabortegiak gainezka egitea, erraustegien ondorio kaltegarriak osasunerako nahiz ingurumenerako, edota baliabide naturalen agortzea.
Bestalde, errealitate hori gehiago ezagutu eta kontzientziatzeko zenbait datu eskaintzen dituzte: igandero miloi erdi zuhaitz mozten direla, pila bakar batek 600.000 litro ur kutsatu ditzakeela, edo herrialde industrializatuetan 350 milioi tona sortzen direla. Hainbat materialen biodegradatze prozesuen iraupena ere zenbatekoa den jakiteko aukera dago: bi eta hamar egun bitarte irauten duen platano azal batetik, 4.000 urte iraun ditzakeen beiraraino.
Ondoren, birziklapenaren garrantzia eta hondakinen bigarren bizitza azpimarratzen duten panelak daude ikusgai. Hemen ikus daiteke, paper tona bat birziklatzearekin 17 zuhaitzek bizirik jarrai dezaketela, disko eta DVD zaharretatik, betaurreko eta telefonoak egin daitezkeela, ur botilekin forro polarrak egin daitezkeela, edota freskagarrien latekin bizikletak egin daitezkeela.
Erakusketaren azken zatian, material mota bakoitzaren birziklapen prozesua nolakoa den esplikatzen dute, dudarik ez izateko. Kezkaren bat bada argibideak ematen dituzte arduradunek. «Gauza bakoitza nora bota behar den edota konposta nola egin behar den galdetzen digute gehien» dio Osak.
Gainera, jogurtak, haziak eta konpostagailuetatik ateratako ongarria banatzen dituzte, ontzi horietan loreak landatu ahal izateko. «Horrela, hobeto ulertzen da ontzi horrek izan dezakeen bigarren bizitza hori» azaldu du Osak.
Erdi bidean, pozik
Birziklapen Bira amaitzeko bi aste falta diren honetan, orain artekoaren balorazio positiboa egin du Tolosaldeko Mankomunitateak. «Helburuak betetzen ari dira, 4.000 herritarrengana iristeko aukera izan dugu eta pozik gaude. Gerturatu ez direnei ere animatu nahi diegu».
Herritarrak ere gustura azaldu dira horrelako ekimenen aurrean: «Kontziente izaten laguntzen du. Zerbaiten beharra bazegoen» dio bertaratutako andre batek.
BIRZIKLAPEN BIRA TOLOSALDEAN
BIRZIKLAPEN DATUAK
15,4 tona biltzen dira Tolosaldeko Mankomunitatean urtean.
%73koa izan zen 2012an, Tolosaldean bildutako errefusaren ehunekoa. Ontzi arinak %4, papera eta kartoia %12, beira %9 eta gainontzekoak %2 izan ziren.
%10ekoa izango litzateke errefus kantitatea sailkapena modu egokian eginez gero.
%81 birziklagarria da Gipuzkoako zabortegietara botatzen den zaborretik.
45.000 tona plastiko isurtzen da munduko ozeanoetara, eta ondorioz, 100.000 ugaztun eta 1.000.000 hegazti hiltzen dira.
500.000 zuhaitz mozten dira igandero egunkariak egiteko.
50.000.000 tona zabor elektroniko sortzen da urtean.
350 milioi tona zabor sortzen dira urtean herrialde industrializatuetan, hau da %90a.
Zaborraren %95 ez da birziklatzen eta zabortegietan pilatzen da.
600.000 litro ur kutsatzen ditu merkurio pila batek; 12.000 zinc-ekoak; 14.000 zilarrezkoak eta 3.000 litro alkalinoak.
Beirazko 4 botila birziklatuta, hozkailu batek 24 ordutan behar duen energia aurrezten da.
Paper tonelada bat birziklatuta, 17 zuhaitzek bizirik iraun eta 21.000 litro ur aurrezten dira.
Plastikozko botila bat birziklatuta aurrezten den energiarekin, 100 Watt-eko foku batek lau orduz argia eman lezake.
100 kilo materia organikotik 30-40 kilo ongarri ateratzen da.
EGUTEGIA
Maiatzak 22, Ikaztegieta. Goizean eskolako ikasleen bisita eta egun guztian plazan.
Maiatzak 23, Berastegi. Goizean eskolako ikasleekin, eta 18:30ean, hitzaldi-tailerra.
Maiatzak 23, Berrobi. Arratsaldean birziklapen gunea, eta hitzaldi-tailerra 20:00etan.
Maiatzak 24, Tolosa. Birziklapen gunea Samaniego ikastetxeko ikasleekin goizean; eta arratsaldean, Zerkausian Hirukidekoekin eta herritarrekin.
Maiatzak 24, Hernialde. Hitzaldi-tailerra, 18:00etan.
Maiatzak 27, Aduna. Arratsaldean, birziklapen gunea eta hitzaldi-tailerra 19:00etan.
Maiatzak 27, Leaburu. Hitzaldi-tailerra 19:00etan.
Maiatzak 28, Ikaztegieta. Hitzaldi-tailerra, 19:00etan.
Maiatzak 28, Berastegi. Birziklapen gunea arratsaldean.
Maiatzak 28, Tolosa. Emeterio Arrese eraikinean, 19:00etan eta 20:00etan hitzaldi-tailerrak.
Maiatzak 29, Altzo. Birziklapen gunea arratsaldean eta hitzaldi-tailerra 19:00etan.
Maiatzak 29, Elduain. Hitzaldi-tailerra 19:00etan.
Ekainak 4, Orexa. Hitzaldi-tailerra, 19:00etan.
Ekainak 5, Larraul. Hitzaldi-tailerra 19:00etan.