Asvineneako Poltsikoko Antzerki Lehiaketaren final handia iritsi da. Hiru kanporaketa pasa ostean, ostiralean jakingo da 7. edizioko irabazleak nortzuk diren. Ohi bezala, 22:00etan emango zaio hasiera saioari, eta nor baino nor sei antzezlan lehiatuko dira.
Hiru kanporaketen ostean, hauek dira berriz ere lehian daudenak: Fumanartist taldeak Musicoloco eskainiko du; Barco de los locos taldeak La señora de la limpieza taularatuko du; Amildegi antzerki taldeak Paz, no esta con nosotr@s antzezlana taularatuko du; Teatro que madura taldeak Nunca se sabe; Anogusano A pan y agua lanarekin igoko da taula gainera, eta Slowww taldeak Puzzle eskainiko du.
Epaimahaiaren saria eskuratzen duen taldeak, 600 euro poltsikoratu ditu. Aldiz, publikoaren gustukoena suertatzen denak, 300 euroko saria jasoko du.
Kanporaketa guztietan egin moduan, artista gonbidatuak ere igoko dira Asvineneako taula gainera. Arlekinak eta Ke-txorra aire akrobazia taldeek euren ikuskizunak eskainiko dituzte bertaratuen gozamenerako.
Kalitate oneko lanak
Hirugarren kanporaketan geografia zabaletik iritsitako taldeek parte hartu zuten. Euskal Herritik, Valenciatik eta Extremaduratik etorritakoak izan ziren esaterako: «Bakoitza bere estilo eta proposamenarekin, baina guztiak ere ilusioz eta lanerako gogoz gainezka», taularatu zirela adierazi dute antolatzaileek. Eta «kalitate gorena eduki genuen, antzerki talde amateurren gaitasun eta kalitatearen adierazle garbia izan zen», gaineratu dute.
7. Poltsikoko Antzerki Lehiaketako antolatzaileak «gustura» agertu dira lehen hiru kanporaketekin: «Aurtengoan ez dago kexarik eta kalitatea inoiz baino altuago izaten ari gara. Nahiko lan izango dugu datorren urtean maila hau mantentzen!».
Beraz, antzerkiaz eta umore onaz gozatu nahi duenak Asvinenean etzi izango du aukera. Atea 21:30ean irekiko dute, eta 22:00etan hasiko da final handia. Finala dela eta, kasu honetan, sarrera 10 euro ordaindu beharko da.