Azken entseguak elkarlanean egin dituzte bi taldeetako gaztetxoek
Ikasturte amaierako emanaldian musika, dantza eta literatura uztartuko dituzte gaztetxoek
Taula gainean, argi eta jantzi dotorez, ikasturtea borobilduko dute Tolosako ehunka gaztetxok, Udaberri dantza taldeak eta Lask abesbatzak elkarlanean prestaturiko emanaldian. Igandean, 12:00etatik aurrera, Ortzadarraren bila ipuin musikatua eskainiko diete bertaratuei.
Badira jada bospasei urte, Udaberri dantza taldea ikastaroen amaierako emanaldia antolatzen hasi zenez geroztik; hastapen haietan Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasle bandarekin burutu zituzten emanaldiak, eta «egitasmoari haize berria emate aldera, bi urtez behin elkarlanerako kidea aldatzea pentsatu genuen», azaldu dute taldekideek.
Horrela beraz, aurten bigarrenez prestatu dute ikuskizun bateratuta, Lask abesbatzarekin.
Besteak beste, ikasturte amaierako emanaldi bat eskaintzea izan zen, egitasmoarekin hasi zirenean, Udaberriren helburua: «Gure ikasleek, urte osoko eskoletan barrena ikasitakoa kalejiretan eta dantzari txikietan erakutsi ohi dute; kalean, beraz. Emanaldi honetan, ordea, ohiko formatutik aldenduko da bai eszenatokia eta baita neska-mutilek egingo dutena ere».
Horrekin batera, Ortzadarraren bila bezalako proiektuak «elkarlanean osatutako egitasmoak sustatzeko bide dira, eta hau gure ikasleentzako onuragarria izan daitekeela uste dugu», nabarmendu dute dantza taldeko kideek.
Ehunka gaztetxok igandeko ikuskizuna prestatzen daramatzate azken asteak, eta ipuin musikatuaz gozatzeko aukera Leidor aretoan izango da, lau euroren truke, igandean, 12:00etan. Aipatzekoa da, sarrerak aretoko leihatilan bertan eskura daitezkeela jada.
Koloreen bila doan mutikoa
Ortzadarraren bila istorioak gidatuko du emanaldia, eta Markox mutikoa izango da ildoaren gidari nagusia.
Irati Hartsuagaren ideia orijinalari, Lask abesbatzako eta Udaberriko ikasleek forma emango diote; abesbatzaren doinura astinduko dituzte oinak gaztetxoek, beraz. Oinak mugitze honetan, gainera, euskal dantza tradizionalaz gain, istorioari eta errepertorioari egokituriko dantzak prestatu dituzte, 4 urtetik 14ra bitarteko dantzari txikiek.
Besteak beste, honakoak izango dira, bertaratuek entzun eta ikusi ahal izango dituzten abesti eta dantzak: Lore dantza, Kukue, Sorgin dantza, Jorrai dantza, Muxu, Balearen bertsoak, Kanon umorez, Nesiponono, eta azkenik, Negua joan da eta.
Doinu hauen guztien artean, Txoan Ormazabalen off ahotsak kontatuko die istorioa ikus-entzuleei, eta musika bera ere zuzenekoa izango da, Ana Iparragirre, Ander Zubillaga, Jon Garate, Aitor Azkolain, Jon Vallejo, Eneko Hartsuaga, Josu Lizarralde eta Iñigo Azkue musikarien eskutik.
Ikasturte berriari begira
2012-2013 ikasturtea borobiltzeko lanekin batera, Udaberri dantza taldea datorren ikasturtera begira jarri da jada.
Irailetik aurrera ere, dantzarako gogoa duten haur eta gaztetxoek izango dute Euskal Herri osoko pauso eta doinuak ikasteko aukera. Horretarako, izen-emate orriak banatu dituzte, eta kultur etxean izango dira arduradunak; ekainaren 6an, 13an eta 20an kultur etxera joan ahal izango da, beraz, izena ematera.
Halaber, mezu elektronikoen bidez izena eman ahal izango da, ikastaroak@udaberri.com helbidera idatzita.