Jon Ander Galarraga · Biologoa
Konpostajeko teknikaria izatearen abantaila nagusia, konpostagailuak montatu, bisitatu eta ikastaroak egiteaz gain, jendeari laguntzeko aukera izatea da.
Konpostajeak normalean ez luke ez usain txarrik izan behar, ezta euli edo bestelako xagutxoen inbasiorik sortu behar. Arazo hauetako zerbait gertatzen bada, hor goaz gu! Gaurko zutabe xume honetan, jendeak konpostajea egitearekin izaten dituen arazo ohikoenak bildu eta izendatu ditut. Beraz, konpostatzaile beterano edo hasiberria bazara, bota begiradatxo bat zutabetxo honi!
Arazo ohikoetako bat, fruta purea deitzen diodan fenomenoa da. Konpostagailu hauetan, fruta eta barazki nahas-mahas handia egoten da, umetxoei askarian ematen zaien fruten pure bat bezala. Hala ere, konpostagailuko pure honek ez du fruta usain gozoa, nahiko ustel usain txarra baizik. Aireztagailua sartzen dugunean, ateratzea ederki kostatzen da, pure hark, nolabaiteko sukzioa egiten baitu.
Konpostagiluko fruta pure hau, material lehor gutxiegi bota izanagatik sortzen da. Material lehorrak, konpostagailuko humeltasuna xurgatzeaz gain, nolabaiteko egitura ematen dio konpostari, andamio baten moduan. Ez badugu behar adina material lehor botatzen, ez dago andamiorik eta gure konpostagailu barrena zapal zapal egiten da eta aipatutako fruta purea sortzen da. Egin andamio eder bat konpostagailuari!
Bigarren arazorik ohikoena, euli extralurtarren inbasioa da. Biologoa izanik, hiru euli mota identifikatu ditut gure konpostagailuetan, baina ezin gehiago ikertu... egunak 24 ordu ditu! Ez da dibertigarria, gure konpostagailuko tapa ireki eta milioika euli gure aurpegi, ile eta sudurrean barrena sentitzea. Askotan arnastu dut euli hodei hau eta benetan diot, hurrengo hiru egunetan nere musuzapian euliak agertzen direla.
Euli hauek oso normalak dira gure konpostagailuetan, tenperatura egokia dute bertan, babestuta daude eta nahikoa jana daukatenez ugaldu egiten dira. Hoberena, fruta eta barazkirik ez uztea oso bistan da, saiatu aireztagailuarekin ongi lurperatzen eta material lehor apur batekin tapatu guztia, ikusiko duzue nola euliak gutxitzen diren. Gainera, tarteka eulitxoei, aireztagailuarekin bisitatxo bat egiten badiezue beraien pake santua etenez, agian ez dira hainbeste ugalduko.
Hala ere, pentsa euli eta dauden bestelako xomorro miragarriak direla gure materia organikoa konpost bihurtzen dutenak, beraz, konpostajea egin nahi duen orok, xomorroen lagun izan behar du. Zorionez ez dugu zentimetro bat baino handiago den xomorrorik, beraz, lasai, ez dago konpostagailuan ehizatu nahi digun xomorro haragijalerik. Gainera, gu baino lehenago daude lur planetan.
Hirugarrenez, hojaldrezko konpostagailua dugu. Garrantzia handia ematen diot, konpostagailua goitik behera aireztatzeari, nire esaldi aipatuena da: goikoa behera, behekoa gora, aldamenetakoa erdira eta erdikoa aldamenera. Badakit zenbait liburuetan, geruza bidez nahastea gomendatzen dela, kremazko hojaldre baten itxura emanez. Baina esperientziak esaten dit, gure hojaldrezko konpostagailuan, geruza gogor edo ezegoki bat badago, azpitik doazen xomorroek ezingo dutela igaro eta gure konpostagailua bi eremu zatikatuetan banatua geratuko da, normalean beheko zatiak usain oso txarra izango duelarik. Beraz, nahastu lasai eta graziarekin zuen konpostagailua.
Azken konpostagailu mota, grasa zati handiko odolokia deritzon konpostagailua dugu. Ez naiz odolki zalea, eta benetan nazka handia ematen dit odolki baten barruan, grasa zati erraldoiak topatzea, odolkiari kolore ezberdinetako barrunbe pintarratua emanez. Odolki baten barrua bezala, konpostajearen barrena zati txikiz betea egon behar du, zenbat eta zati txikiagoak bota hobe. Sagar osoak, arrautza azal ilada luzeak edo oilasko osoak botatzen baditugu, usain txarra areagotuz gainera, aireztapena zailagoa egiten du. Konpostatzaile hoberenen gomendioa izan da, ongi txikitutako hondakinak botatzearena.
Ikusten duzuenez, konpostatzea ez da zaila eta gainera, beraren ondorioz sortzen diren arazoak konpontzea oso erraza da. Bilatu zuen herrian konpostatzaile beterano bat, eta jarraitu bere gomendioak.
Beraz, hartu pote txiki bat, bete bere bolumenaren %10a alkoholez eta beste guztia urez. Gero bota bertara, konpostagailu barruan topatzen duzuen xomorro ale batzuk eta ipini data, lekua, eta informazio gehigarrirenbat potoari. Gero idatzi bioaniztasunetik@hotmail.com eta neu joango naiz pertsonalki potoak jasotzera. Interesgarria izango litzateke denon artean konpostagailuetako faunaren bilduma bat egingo bagenu, etorkizuneko biologo batek, zuen sema-alaba edo biloba bat izan daiteke, berau aztertzeko. Eta gogoratu, eskolarik ez konpostagailurik gabe! Konpostazank!