Ruben Saralegi eta Josetxo Urrutia lehiatik kanpo gelditu dira

Ataria 2013ko maiatzaren 21a

Herri kirolen inguruan izugarrizko lana egiten ari dira Leitzan. Kirolariak osatzeaz gain, jaialdi ugari antolatzen dituzte Amazabalen, eta horrek lehenengoei babesa azaltzen die. Igandean, Ruben Saralegik eta Josetxo Urrutiak herritarren aurrean aritzeko aukera izan zuten, eta emaitza hoberenak lortu ez arren, zaleen berotasuna gertutik sentitzeko parada bizitu zuten.

Urrezko Aizkolarien 23 urte azpikoan aritu zen Ruben Saralegi, finalerdietan, Ander Erasunen aurka. Azken hau izan zen nagusi. Ongi hasi zen leitzarra eta lehen bi ariketetan aldea lortu zuen. Gakoa, ordea, 60 ontzako enborrean egon zen. Erasunek hiru minutu eta 16 segundotan moztu zuen, eta Saralegik, bost minutu eta 17an. Alde horri buelta ematea ezinezkoa izan zitzaion leitzarrari, eta azken ariketan ere denbora galtzea tokatu zitzaion.

Aizkolariez gain, Urrezko Harri-jasotzaileak ikusteko aukera egon zen Amazabalen. Josetxo Urrutia herritarrak Eizmendiren aurka jokatu zuen kanporaketa, eta zaleen babesa izan arren, bi jasoaldiko tarteagatik galdu zuen lehia, txapelketatik at geldituz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!