Kulturaren eta aldarrien bidezidorrak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 21a, 10:13

Urteko hilabeterik bizienetakoa da maiatza, bai Tolosaldean eta bai Leitzaldean. Asteburu hau izan da horren erakusle.

Maiatzaren hirugarren astea hasi berri den honetan, urtean jarduera gehien biltzen dituen hilabete erdia bete da jada. Hilaren lehenarekin hasita, kultura, kirola, protestak, nahiz bestelako jardunaldiak nonahi izan dira Tolosaldean eta Leitzaldean, eta pasa berri den asteburu hau ere ez da gutxiago izan.

Ostirala kulturaren agertokia izan zen eskualdean, eta musika eta zinearen bidezidorrez gozatu zuten herritarrek. Leitzan, Emilio Martinez-Lazaro zine zuzendariaren Ocho apellidos vascos filmerako casting-a izan zen, eta herritar askok parte hartu zuten, udaletxean egin zituzten probetan. Tolosan, berriz, Berria egunkariaren 10. urteurrenaren harira, Anje Duhalde musikari lapurtarrak kontzertua eskaini zuen Leidor aretoan.

Kulturarekin jarraituz esnatu zen larunbata ere, Museoen Nazioarteko Eguna ospatu baitzuten Tolosaldean. Topic zentroak, Gorrotxategi museoak, Ur Marak eta Larraulgo Ekomuseoak ate irekien jardunaldia egin zuten. Tolosan, besteak beste, zuzeneko musikaz gozatu ahal izan zuten museoetako bisitariek.

Larunbat goiza, ordea, aldarrikapenerako tarte gisa ere aprobetxatu zuten Asuncion klinikako eta Huyck Wagner Perot enpresako langileek. Murrizketen aurka aritu ziren lehenak, eta kaleratzeen aurka besteak, Trianguloa plazan. Hain zuzen leku bera aukeratu zuten Kirikiño aisialdi taldekoek, Saharara laguntza bidaltzeko postua jartzeko.

Festa giroa Aiztondo bailaran izan zen nagusi, batetik, Aiztondoko gazteen I. topaketa ospatu baitzuten. Eguraldi txarrari aurre eginez, Villabonako Berdura plazako aterpean egin zuten bazkari legea, eta parranda giroan jarraitu zuten.

Ibarrako Izaskun auzoan ere, asteburu seinalatua izan da igarotakoa. Larunbatean, hala ere, bertan behera geratu behar izan zuen zaldi lasterketak, eguraldia medio, baldintza kaskarrak zirelako proba hasteko. Atzo, hala ere, aterruneei esker, Peñagarikanoren eta Lizasoren bertso aleez gozatu ahal izan zuten hainbat herritarrek, plazan.

Igandean, azkenik, azokak izan ziren protagonista. Alkizan, denbora bankuak antolaturiko truke azoka antolatu zuten frontoian, eta Berrobin bigarrenez ospatu zuten, Udaberriko merkatua.

Tolosan, Ahora! Asteko patin festa ez zen nahi bezala irten euriagatik, eta Uzturpe frontoian egin zituzten jarduerak. Leitzan, berriz, kultur aste jendetsuaren barruan, Hirutxulo folk taldea aritu zen Gaztañagan, eta jende asko bertaratu zen ikustera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!