Bi leitzar nor baino nor ariko dira final-laurdenetan

Ataria 2013ko maiatzaren 17a

Buruz buruko pilota txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu dute asteburuan, final-laurdeneko hiru partida, hain zuzen. Martinez Irujo eta Beroizen artekoa izango da gaur, 22:00etan; Bengoetxea VI.a eta Jaunarenaren artekoa bihar, Hendaian, 18:00etan; eta Idoate eta Urrutikoetxearen artekoa, etzi, Bilbon, 17:00etan. Final-laurdenetako beste partida, Barriola eta Olaizola II.aren artekoa hilaren 25ean izango da, leitzarrak eskuko minagatik atzeratzea eskatu baitzuen.

Hiru leitzar ari dira lehian buruz burukoan une honetan, baina Oinatz Bengoetxearen eta Jon Jaunarenaren arteko partidaren ostean bi geratuko dira, hau da, bietatik aurrera egiten duena eta Barriola. Hain zuzen ere, herenegun egin zuten materialen aukeraketa, eta bi pilotariak «gustura» geratu dira pilotekin. Jaunarenak adierazi duenez, material «ona» da. Biziagoak hautatu ditu, eta horregatik, Bengoetxeak argi du Jaunarena jokoa atzera eramaten saiatuko dela. Bengoetxea, berriz, jokoa aurrean egiten ahaleginduko da.

Jaunarenarentzat hirugarren partida da buruz burukoan, Olaizola I.ari eta Zabaletari aise irabazi eta gero. «Ez nuen espero hirugarren jardunaldira horrela iristea, partidaz partida landu dut txapelketa», azaldu du. Bengoetxearen aurkakoa «zaila» izango dela argi du. «Urte asko daramatza goi mailan jokatzen, eta zaila izango da Bengoetxeari kontra egitea», dio. Bengoetxeaz, buruz burukoan gehiena ongi egiten duela nabarmendu du: «Tantoak amaitzen artista da, defentsan lan handia egiten du eta sotamano itzela du, defentsatik erasora kolpe bakarrean pasa daitekeelarik». Frontisetik ahalik eta urrutien edukitzen saiatuko dela adierazi du Jaunarenak.

Bengoetxea VI.ak, berriz, hirugarren jardunaldian ekingo dio buruz burukoari. «Ongi» dagoela esan du, entrenamenduetan «oso ongi» ikusi duela bere burua, eta «ondo prestatuta» hasiko duela txapelketa. Jaunarenaren aurkako partida «oso gogorra» izango dela onartu du: «Jaunarena buruz burukoan oso arriskutsua da, indar ikaragarria ematen dio pilotari, eta gauzak oso ongi egin beharko ditut irabazi nahi badut».

Buruz buruzko Txapelketaren inguruan, denetarik egon dela diote biek, baita sorpresak ere. «Maila bikaina ematen hasi diren pilotariak izan dira», esan du Bengoetxeak. «Beroiz eta Irujoren aurkako partida izango zela, sorpresa izan da», dio Jaunarenak. Buruz burukoa horrelakoa izan ohi dela diote, edonork egin dezake aurrera. Gauza bat argi dago, ordea, bietako batek egingo duela, beraz, leitzar bat gutxiago izango da txapelketan. Barriolak ere aurrera egingo balu, bi leitzarren arteko hurrengo aurrez aurrekoa finalean izango litzateke.

Herriarteko txapelketa

Bestalde, Herriarteko Txapelketari dagokionez, Alegiak Zestoaren aurka jokatuko du gaur, Alegian, 19:00etan, eta Tolosak Zumarragaren aurka, Tolosan, 20:00etan. Zesta puntan, igandean jokatuko du Tolosak, Mutrikuren aurka, Tolosan, 11:00etan.

I. Ogiberri Txapelketa

Migel Soroaren oroimenezko I. Ogiberri Txapelketako final-laurdenetako bigarren jardunaldia jokatuko dute bihar, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 16:30ean. Kadeteen mailan, Laso-Oskoz Petite- Belokiren aurkakoa izango da; etorkizunekoen mailan, Altuna-Ibarrondo Espinal-Alduntziren aurkakoa; eta elitekoen mailan, Arrieta-Gorrotxategi Urbieta-Etxamendiren aurkakoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!