Espainiako militarren presentzia salatu dute Ibarrako eta Tolosako udalek

Ataria 2013ko maiatzaren 17a

Izaskun auzoan eta Uzturre mendiaren inguruan Espainiako armadaren presentzia salatu dute Ibarrako eta Tolosako udalek. Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateak azaldu duenez, «horrelako indar erakustaldia ez zaigu batere ondo iruditzen. Ez dute abisatu, eta hala egin izan balute ere, ez zaigu batere ondo iruditzen. Etortzen dira kamioi batzuekin, armak erakusten, eta horiek guztiak soberan daude hemen». «Azken finean inbasioarekin jarraitzen dute, hau Espainia dela esanez, eta noizbehinka hori gogorarazten digute», esan du. Peñagarikanok gaineratu duenez, «berdin zaigu martxa bat izan den edo maniobrak egin dituzten, azken finean indar erakustaldia izan da, eta herri honetan beste behar batzuk ditugu».Ildo beretik mintzatu da Ibai Iriarte Tolosako alkatea: «Probokazio bat gehiago da. Militarren indar erakustaldiarekin azaldu nahi dute herri honek Espainiako Estatuaren menpe jarraitzen duela. Herri honen eskubideekiko erakusten duten jarrera inposatzaile horrekin, Espainiako Estatuari esan behar zaio gure askatasunerako eta independentziarako jarrera indartu besterik ez dutela egiten». Iriartek gaineratu duenez, «gure lurretan ez ditugu nahi, eta gure lurretatik joateko eskatu behar zaie». Horrelako jarduerak lekuz kanpo «beti» daudela esan du, eta «are gehiago» gaur egun, «suposatzen duten gastuarengatik».

40 militar martxa egiten

Harridura sortu du Izaskun auzoan Espainiako armada atzo goizan bertan egoteak. 40 militar inguru izan ziren, eta hiru kamioi eta bi auto eraman zituzten. Armak eskuan zituztela, martxa bat egin zuten menditik. Martxak iraun zuen bitartean, ibilgailuak Urkieta baserriaren ondoko aparkalekuan egon ziren. Ez zuten biderik itxi, eta mendizaleekin gurutzatu ziren militarrak.

Izaskungo bizilagun bat militarrengana joan zen, Izaskunen zergatik zeuden jakiteko. «Martxa bat egin dutela, eta laster abiatuko direla esan dute», azaldu zuen bizilagunak, militarrak hamaiketakoa egiten ari ziren bitartean ibilgailuak aparkatuta izan zituzten lekuan. Bizilagun horrek berak azaldu du aurreko larunbatean Guardia Zibila izan zela inguru horietan: «Bi patrol izan ziren, eta zortzi guardia zibil inguru. Uzturre aldera joan omen ziren, eta Uzturrera joateko aldapa hasten den bidegurutzean jendeari dokumentazioa eskatzen jardun zuten. Jendeak ez du normalean dokumentazioa eramaten mendira joaten denean». Bizilaguna kexu azaldu da: «Ez dakit zer gertatzen den hemen, zergatik etorri diren guardia zibilak orain gutxi eta orain militarrak». Beste bi bizilagun ere gerturatu ziren militarrak zeuden lekura. «Inpresioa ematen du militarrak ikusteak», azaldu dute.

Militar taldearen buru zen kapitainak Gipuzkoako mendietan horrelako martxak egitea «ohikoa» dela esan zuen. Martxa bat egitearen eta maniobrak egitearen bereizketa egin zuen militarrak: «Maniobretan tiroak botatzen dira eta lehergailuak erabiltzen ditugu. Horrelako paraje naturaletan ez dugu hori egiten».

Maniobra edo martxa izan, atzo mendian zein Urkieta ondoko aparkalekuan militarrekin gurutzatu ziren mendizale zein ibiltariek harrituta begiratzen zieten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!