Plazak betetzeko deialdia egin dute Herrira-tik

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 17a, 10:24

Maiatzaren 18a egutegian markaturik zuen Herrira mugimenduak. Euskal Herriko herrietan mobilizazioak antolatzeko deia egin zuen, eta Tolosaldean eta Leitzaldean, oihartzun zabala izan du eskariak. Hamazazpi herritan hainbat ekimen antolatu dituzte, eta herritarrei, Plazak bete ekimenarekin bat egiteko eskatu diete, Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean.

Plazak betetzeko deia egin zuten, Adunan.[/caption]

Herrira mugimendutik azaldu dutenez, «Euskal Herrian bake egoera justu bat eraikitzeko aukera berriak» zabaldu dira. Hori gauzatzeko, hainbat urrats beharrezkoak izan direla azaldu dute Herrira-tik: «Euskal Herriko eragileen arteko elkarrizketa eta akordioek, Donostian burutu zen Nazioarteko Bake Konferentziak, eta ETAk behin betiko armak uzteko erabakiak euskal gatazka konpontzeko bidea ireki dute».

Gatazkaren ondorioak, aldiz, askotarikoak direla gogoratu dute Herrira-tik, «eta denek behar dute konponduak izan». Bide horretan aurrera egiteko, «gatazkaren ondorioz preso eta erbestean dauden herritarren egoeran arreta jartzea beharrezkoa» dela diote Herrira-tik.

Lehen urratsak zeintzuk izan behar duten garbi dute preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri mugimendutik: «Euskal presoak Euskal Herriratzea; gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea; espetxe zigorren luzatzearekin amaitu eta de facto bizi osorako espetxe zigorra suposatzen duten neurrien indargabetzea, eta pertsona bezala dagozkien giza eskubide guztien errespetua». Testuinguru honetan kokatu du biharko mobilizazio eguna Herrira-k: «Aldarrikapen hauei bultzada bat eman eta frantziar nahiz espainiar gobernuei urratsak eskatzeko, maiatzaren 18an Euskal Herrian eta mundu osoko hainbat hiritan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatzen diegu herritarrei».

Leitzatik Iruñerako deialdia

Maiatzaren 28an Espainiako Auzitegi Gorenean bost nafarren aurkako espetxe zigorra berraztertuko da. Hori dela eta, Eleak Mugimenduak batzar irekia antolatu du Txantrean maiatzaren 23an, ostegunean, 18:00etan. Batzarra Kaskallueta elkartean egingo da, «Eskubide zibil eta politikoen alde». Leitzatik bertara joateko deialdia egin dute, «bost gazte nafarrei elkartasuna azaltzera eta euren eskubideak defendatzera».

Egitarauak

Aduna

19:00. Argazkia plazan.

Ondoren. Afari merienda.

Alegia

12:00. Plaza bete ekitaldiaren ondoren, hamaiketakoa.

Altzo

19:00. Frontoitik abiatuta giza katea plazaraino.

Amasa-Villabona

11:00. Buru handi eta erraldoien kalejira, dultzaineroen laguntzarekin, Errebote plazatik abiatuta.

12:00. Hamaiketakoa Malkar Plazan.

Ondoren. Plaza bete, preso eta iheslarien eskubideen alde ekimena, eta argazki erraldoia.

Anoeta

12:00. Anoetako plaza betetzeko asmoz elkartuko dira.

Ondoren. Hamaiketakoa.

Asteasu

12:00. Plazan bildu ondoren, trikitilariekin kalejira egingo dute.

Gero. Mosaiko erraldoia egingo dute.

Ondoren. Hamaiketakoa.

Berastegi

Goizean zehar. Herriko trikitilariak eta dantzariak ibiliko dira herrian zehar.

Ondoren. Hamaiketakoa.

13:00. Elkarretaratzea pilotalekuaren aurrean.

Ondoren. Kantu bazkaria aparkaleku azpian. Txartelak, Zelai eta Biltokin.

Ondoren. Herritarren arteko futbol txapelketa mixtoa.

Berrobi

19:30. Elkarretaratzea.

Ibarra

08:00. Ibarrako zikloturistek itzuliari hasiera emango diote.

09:30. Haitzen Raju mendi taldearekin Uzturrera mendi irteera.

11:00. Sokatirakoek antolatuta haurrentzat herri kirolak.

12:00. Hamaiketakoa herriko elkarteen eskutik, eta gazte asanbladak taloak prestatuko ditu.

12:30. Ekitaldia.

Gaztelu

19:00. Elkarretaratzea.

19:30. Herri kirolak.

Ondoren. Kantu afaria egingo dute.

Ikaztegieta

12:00. Elkarretaratzea plazan.

Ondoren. Hamaiketakoa.

Leaburu-Txarama

12:00. Herrira-ren logoa osatuz mosaiko bat egingo dute, baita elkarretaratzea ere.

Ondoren. Toka txapelketa herrikoia, eta mokadutxoa.

Leitza

12:00. Herriko plazan lip dub azkarra grabatuko dute.

Ondoren. Txistor jatea.

Lizartza

13:00. Plazan argazki herrikoia aterako dute.

Orendain

12:00. Presoen aldeko hamaiketakoa sagardoarekin.

13:00. Argazkia herriko plazan.

Tolosa

10:00. Trianguloan Elkartasun Eguna ospatzen hasiko dira.

12:30. Plazak bete kartzelak hustu ekimena, Trianguloatik abiatuta.

14:30. Bertso bazkaria Amaia Agirre eta Beñat Iguaran bertsolariekin.

22:00. Kontzertuak Plaza Berrian, Switch eta Little Martik Selektah taldeekin.

Zizurkil

11:00ak inguruan. Herriko bi kirolarien apustua.

12:00. Elkarretaratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!