Olatz Illarregi, Idoia Otegi, Iñaki Gorrotxategi, Karlos Irazu eta Koldobika Jauregi, museoen eguneko egitaraua aurkezten.
Maiatzaren 18a mundu zabalean Museoen Nazioarteko Eguna da. Tolosaldeko lau museoek, beren egunarekin bat egin, eta gauerdira bitarte ateak irekiz ospatuko dute beren eguna, herritarrekin bat eginez.
Tolosaldea Tour-en laguntzaz, Topic, Gorrotxategi, Ekomuseoa eta Urmara museoek lehen aldiz osatu dute aurten, egitarau bateratua.
Honekin batera, gainera, aipatzekoa da datozen hilabeteetara begira, «turismoari begirako produktu erakargarriago bat» osatzen bidean daudela lau museoen artean, Olatz Illarregik azaldu duenez: «Eskualdean lau museo daude, eta jorratzen dituzten gaiak ere osagarria dira. Elkarrekin produktu erakargarriago bat osa zezaketela pentsatu dugu, eta lau museoen zirkuitu bat osatzen ari dira».
Urteko gaurik bereziena
Lau museo hauek urte osoan zabalik izaten diren arren, baliteke larunbata bisitatzeko egunik berezienetakoa izatea, antolatu dituzten jarduera bereziak medio.
Topic zentroan, esaterako, inauguratu zutenez geroztik ospatzen dute museoen eguna, «eta pozgarria da gero eta museo gehiagok ospatzea», azaldu du Idoia Otegik.
Txotxongiloen eraikinean, ate irekiez gain, musika eskolako ikasleen piano, biolin nahiz akordeoi doinuak zuzenean entzun ahal izango dira, eta gainera, egunaren harira antolaturiko argazki lehiaketaren erakusketa ere ikusgai izango da, ekainaren 2ra bitarte.
Aipatzekoa da, sari banaketa ere larunbatean izango dela, 17:00etan. Haurren kategorian, irabazlea Markel Zeberio izan da, eta gazteenean, berriz, Natalia Navascues. Helduei dagokienez, Maider Zubeldiak irabazi du lehiaketa, eta akzesita Ura Iturraldek jasoko du.
Gorrotxategi museoan, berriz, ate irekiekin eta txokolate dastatzeekin ospatuko dute museoen eguna; bertan ere musika eskolako ikasleak ariko dira zuzenean. «Musikarena plazer handia da, bikoitza delako museoa bisitatzearen gozamena», nabarmendu du Iñaki Gorrotxategik.
Tolosan, azkenik, gauerdira arte iraungo duen hitzordu berezia antolatu dute bigarrenez. TOpic eta Gorrotxategi museoek ateak zabalduko dituzte, batetik, eta horrekin batera, Tolosaldea Tour-ek bisita gidatua egingo du Alde Zaharrean eta Santa Maria elizan barrena, antortxekin: «Iaz sekulako arrakasta izan zuen, eta xarma berezia sortu zen», azaldu du Olatz Illarregik.
Alkizan ere, bertako Ekomuseoak ospakizun eguna izango du biharkoa, Karlos Irazuk azaldu duenez. Iaz hasi ziren, egurra usadio zaharraren arabera nola lantzen den bisitariei erakusten: «Aurten bigarren fasea egingo dugu, eta egurra arpanarekin nola lantzen zuten ikusi ahal izango dute bertaratuek. Aipatzekoa da, Koldobika Jauregik proposaturiko egitasmoa dela».
Honez gain, urte osoan bezala, haurrentzako tailerrak izango dira, eta museoa zabalik izango da goiz osoan zehar.
Azkenik, Larraulgo Urmaran erakusketa eta tailerra antolatu dituzte biharko. «Panelak jarriko ditugu museoen egunean, jendeak egitasmoa uler dezan».
Museoen eguna
Tolosa
GORROTXATEGI MUSEOA
10:00, 11:00, 12:00 eta 16:00. Bisita gidatuak egingo dituzte, eta txokolate dastatzea eskainiko diete bertaratuei.
19:00-22:30. Ate irekiak egingo dituzte, eta Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleek zuzenean joko dute musika. Gainera, bertaratuei txokolate txuria dastatzeko emango diete.
TOPIC
11:00-14:00 eta 16:00-20:00. Ate irekiak izango dira egun osoan, eta argazki lehiaketako irabazleen argazkiak ikusgai jarriko dituzte, ekainaren 2ra bitarte; sai banaketa ere larunbatean izango da, 17:00etan. Horrez gain, Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleek ere musika zuzenean eskainiko dute Topic zentroan.
p1:00-01:00. Ate irekiak eta zuzeneko musika emanaldiak izango dira.
TOLOSALDEA TOUR
22:30-00:00. Tolosaldea Tour-ek Alde Zaharreko eta Santa Maria elizako bisita gidatua eskainiko dute, antortxekin.
Alkiza
17:00. Urmaran bisita gidatua egingo dute, eta erakusketa ere larunbatean zabalduko dute. Horrez gain, haurrentzako tailerrak izango dira. Lekua hartzeko: info@urmara.com.
Larraul
*Goiz osoan zehar. Ekomuseoan egurra lantzeko prozesua jendeari erakusteko egitasmoa. Bigarren fasea egingo dute museoen egunean: egurra usadio zaharren arabera nola lantzen zen erakutsiko diete bisitariei. Egurra arpanarekin zerratuko dute. Era berean, Egurrarekin jolasean tailerra ere izango da, txalaparta nahiz toka bezalakoak ezagutzeko. Azkenik, hamaiketakoa eskainiko diete bisitariei, gazta eta ardoarekin.
Lehen sari bat eta izendapen bat Topic zentroarentzat
Iberoamerikako Museo eta hezkuntzaren lehen saria jaso du Tolosako Topic zentroak. Hirugarren aldiz antolatu dute sariketa, eta Iberoamerikan kultur ondarea nahiz museoen hezkuntza gaitasuna lantzen duten egitasmoa saritzea du helburua.
Guztira, 12 herrialde iberoamerikarretan, (Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Ekuador, Espainia, Guatemala, Mexiko, Peru, Portugal eta Uruguai ) 86 proiektu bildu zituzten antolatzaileek.
86 egitasmo hauetatik 56 lehenengo kategorian sailkatu zituzten, garaturiko proiektuak edo garatze bidean daudenak zirelako. beste 30 proiektu, berriz, bigarren kategorian bildu zituzten, oraindik diseinu eta plangintza fasean dauden egitasmoak direlako.
ONCEren izendapena
ONCEk urtero ematen duen Urrezko Kaskabiloa sarirako izendapena ere jaso du Topic zentroak, azken egunotan.
Besteak beste, antolatzaileek pertsona itsuen kolektiboari egokituriko jarduerengatik proposatu dute zentroa sarirako: «Ukipen-zeinu eta brailean idatzitako kartelak egokitu dituen Europako zentro bakarra da, txotxongiloaren arteari eskainitako zentroen artean. Gainera, pertsona itsuei tailerretan parte hartzeko nahiz espazio abangoardista batean haien esperientziak partekatzeko aukera eman dute».
Maiatzaren 26an Donostian ospatuko da XII. Kaskabilo Lasterketa, Olatu Talka jaialdia dela eta. Ohi bezala, helmugara iritsi ondoren, ONCEk Urrezko Kaskabiloa emango dio, gizarte barneratzaile baten alde ekarpena egin duen erakundeari.
Sari hau bozka gehien jasotzen dituen erakundearentzat izango da, eta Topic-ekin batera DYA eta Donosti bus ere proposatu dituzte. Bozka posta elektronikoz eman daiteke.