Alkizako herri eskolaren proiektuak atzera bota ditu Hezkuntza Sailak

Ataria 2013ko maiatzaren 16a

Amalur, Oinatz, Iraide, Manex, Julene, Xuhar, eta goizero-goizero herriko eskolara zerbait berria ikastera joaten diren alkizarrak dira. Hauek bezalaxe,  Mattin, Maialen, Oihana edota Eñaut. Eskolak dituen 51 ikasleetatik gutxi batzuk baino ez dira hauek.

Umeen eskola bateko zalaparta alaia da nagusi korridorean. Zaharrenak irakaslea arbela digitala erabiliaz ematen ari den argibideak entzuten daude bigarren solairuko gela txiki batean. Beste batzuk irakurtzen ari dira. Gaztetxoenak, jolasean dira alde batetik bestera. Irakasleak kanpotarra agurtzeko esan, eta zintzotasunez eta irribarretsu obeditu dute.

Edozein eskoletan aurki dezakegun egoera normal baten aurrean gaudela pentsa badaiteke ere, ez da hori Alkizako eskolaren kasua. Izan ere, umeen hezkuntza eta sormenaren garapena, geroz eta estuagoak diren lau paretek zailtzen dute. Txiki geratu da.

«Estres egoera batean bizi gara, estu, ez baikara denak behar bezala kabitzen», dio Olga Villa, eskolako zuzendariak.

Duela urte batzuk Alkizako populazioak hazkunde nabarmena izan zuen, eta ondorioz, eskolan geroz eta ume gehiago izaten hasi ziren. Egoera hori areagotzen joan da urteak pasatu ahala. «Geroz eta ikasle gehiago izatearekin batera, altzari asko geletatik atera eta korridoreetan jarri behar izan ditugu», dio Villak korridoreko mahai eta apalategiak seinalatuaz.

Egoera horren ondorioz, irakaste prozesua nahi ez bezala egitera behartuta daudela azaldu du Lierni Mendia irakasleak: «Jolasteko, eskulanak egiteko eta beste gauza asko aurrera eramateko ez daukagu behar bezain besteko leku fisikorik».

Hezkuntzari eskaera

Egoera horren larritasunaz, duela sei urte jabetu ziren, 2006-2007 ikasturtean. Udalarekin harremanetan jarri, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari laguntza eskatu zioten. Haiek azterketa bat egin zuten, eta oinarrizko baldintzak betetzen ez zituela ondorioztatu zuten. Hori ikusita, eskola berri baten proiektua egiteari ekin zioten.

Garai hartan ez zen libre eraikitzeko moduan zegoen oruberik herrian. Herri-bilerak egin, eta frontoia bota eta eskola bertan egiteko ideia sortu zen. Aurreproiektu bat egin zen, baina krisi ekonomikoaren ondorioz, atzera bota zuen. Herritarrak ere konsziente ziren frontoia botaz gero, berria eraikitzearen zailtasunez.

Bigarren soluzio bat planteatu zuen udalak: plazako parkean egitea. 2009arekin batera gobernu aldaketa iritsi zen, eta baliabide ekonomikorik ez zela argudiatuta, atzera bota zuten berriro ere.

Bitarte horretan, udalak herriko baliabideak eskolaren esku jarri zituen jarduerak hobeto egin ahal izateko: KZ gunea, frontoia, kultur etxeko erabilera anitzeko gela, edota Joan Enea eraikina. «Herriko baliabide guztiak eskolaren esku jarri ditugu, ez dauzkagu gehiago, baina oraindik ez da nahikoa» dio Jon Umerez, Alkizako alkateak.

«Toki batetik bestera mugitzen ibiltzea ez da oso erosoa, batez ere euria egitean. Gainera, KZ gunean klaseak ematen egoten bagara,  herritarren bat joanez gero, denak gela berean gaude» dio Mendiak.

Erreta, baina ez etsita

Eskolaren ondoan dagoen lokala erabiltzea otu zitzaien. Udalak alokairua ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, baina egokitzapen baten beharrean zen.

Hori, ordea, Hezkuntza Sailak egin beharrekoa zen. Horregatik, Nekane Agirrerekin, Gipuzkoako ikastetxeen buruarekin, bildu ziren. Egoera txarra dela onartzen duen arren, une honetan ezer egin ezin dutela adierazi diete orain.

«Badakite nola gauden, baina ez omen dago dirurik. Lizartzako eta Azkoitiko eskolak ere egoera beretsuan aurkitzen direla esaten digute» dio Olga Villak. Zuzendariaren esanetan, «lotsagarria» da hori esatea, San Mames Barria edo AHTa egiteko dirua atera denean. «Injustizia bat da eskola publiko bat egoera honetan mantentzea. Oinarrizkoa da eskola duin bat izatea».

«Erreta» dagoela aitortzen du Villak, urte askoko borroka izaten ari baita. «Langileei ere ez gaituzte kontutan hartzen».

Dena den, eskolaren pareta estu horiek zabal daitezen borrokan jarraituko dute, irakasle, guraso eta udaleko kideek, Amalur, Oinatz, Iraide, Manex, Julene, Xuhar, Mattin, Maialen, Oihana, Eñaut eta konpainiaren hezkuntzak «hori eta gehiago merezi baitu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!