Lazaro Goenaga, Jose Manuel Zubeldia, Jose Agustin Arteaga eta Pello Otegi omendu zituzten atzo Asteasun, San Isidro Egunean, hain zuzen ere, baserritarren eguneko ospakizunak lehen aldiz eurak hasi zirelako antolatzen herrian. Udalak plaka bat eman zien lehen biei; Arteaga kanpoan zenez, semeak jaso zuen oroigarria, eta Pello Otegi zenduaren senitartekoei, etxera eramango die Pili Legarra alkatearen esanetan. Lau asteasuarrek hasitako ospakizunak 25 urte bete zituen atzo, eta jaiak bere horretan jarraitzen du. Goizean baserriko tresnekin elizan izan ziren herritarrak; ondoren, idi parea zaldiaren aurka ikusi zuten desafioan, eta idien garaipena ikusi ondoren, guztiak bazkaltzera joan ziren.
Zizurkil Goian ere herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten San Isidro Egunean. Lehenik, pilotariak irten ziren frontoira. Herriko bikoteak irabazi zuen partida, gainera, 22-20ko emaitzarekin, hau da, Labaka-Erasun nagusitu ziren Espinal-Iruretagoienaren aurka. Ondoren, aizkolariak aritu ziren lanean, eta Joseba Otaegi-Oihan Larretxea nagusitu ziren, Jon Irazu-Unai Otañori 50 segundoko aldea atereaz. Azkenik, lasto altxatze probaz gozatu zuten pilotalekura gerturatutako herritarrek.
Asteasun eta Zizurkilen bezala, eskualdeko beste hainbat herritan baserritarren eguna ospatu zuten atzokoan, bazkari, bertsolari eta trikitilariekin. Baliarrainen, afaria egingo dute larunbatean.