Herritarren ekimenez eraiki nahi dute Gaztelun gaztetxoentzako jolastokia

Ataria 2013ko maiatzaren 16a

Jolastokia eraikitzeko ekimenak bultzatzen ari diren Gazteluko herritar taldea.

Herriko txikiek jolas egiteko gune dira jolastokiak, baina funtzio horretara mugatu gabe, elkargune ere badira, herritarren arteko harremanak sortu eta sendotzeko izaera dutelarik. Herriari bizia emateko ezaugarri funtsezkoetako bat dira, beraz, jolastokiak. Badira, baina, ezaugarri hori gabe bizi diren herriak. Gaztelu da horren adibide, eta duten hutsune «garrantzitsuaz» jabetuta, hamaika ekimen ari dira antolatzen herrian jolastokia eraikitzeko helburuak bultzatuta. Hurrengoa, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin prestatu duten festa, ekainaren 21erako.

Gazteluk jolastokia ez izatearen arrazoia ekonomikoa dela adierazi dute, eta horri irtenbidea bilatu nahian, duela urtebete inguru abiatu zuten herrian jolastokia izateko ekimena zenbait herritarrek, tartean, Txispiri Gazteluko guraso elkarteko kideak, Erroizpe Azpiko Kirol eta Kultur elkartekoak eta udaleko ordezkariak. «Herriari bizia ematen dioten haur eta gaztetxoen taldea haziz doa, eta ondorioz, egun ditugunak eta etorriko direnak kontuan harturik, herriko jolastokiaren eraikuntza ezin dela egoera ekonomikoaren joan etorrien menpe utzi uste dugu», azaldu dute.

Oso garrantzitsutzat dute jolastokia eraikitzea, gaur egun dagoen hutsunea betetzeko nahiz etorkizunari begira herriarentzat «onuragarria» izango delako: «Herriko belaunaldi berriak izango dira Gaztelu hobeago bat eraikiko dutenak eta horretarako, bere parekoarekin jolastu, bere parekoari entzun eta lagunduko dioten gazteak behar ditugu, eta jokaera hori lantzeko tokia, jolastokia ere badela uste dugu. Horrez gainera, kanpotik gurera etortzeko ohitura dutenentzat ere bultzada garrantzitsua izango litzateke jolastokia eraikitzea», adierazi dute.

Hamaika ekimen

Bada, udalak gastu hori bere gain hartu ezin duela kontuan hartuta, jolastokia eraikitzeko ardura ekonomikoa Gaztelun Jolastokia taldeak hartu du, eta horretarako, dagoeneko hainbat ekimen antolatu dituzte. Afari baten zozketarako 2.000 txartel saldu dituzte, ETB1eko Mihiluze saioan izan dira, Nik ere jolastu nahi dut leloarekin kamisetak egin dituzte, Gazteluko eta Leaburuko azoketan mahaiak jarri dituzte eta bertso bazkaria antolatu dute.

Oraingoan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen babesa jaso dute, eta eurekin batera festa polita egin nahi dute ekainaren 21ean. Gaztetxoentzako txokolatea banatuko dute, eta pailazoen dantzaldia izango da, hamaika sorpresarekin batera. Gainera, haurrek arpegia pintatu ahalko dute, pailazoen moduan. Horrez gain, zozketak ere izango dira, eta taberna zerbitzua eskainiko dute. Beraz, egun horretan Gaztelura arratsalde pasa joateko osagai ezinhobeak prestatu dituzte.

Gaztelun Jolastokia taldeko kideek jolastokia eraiki ahal izateko dirua biltzeko egin dituzten ekimenen artean, pailazoena  «garrantzitsuena» eta «diru sarrera handiena emango diena» izango dela espero dute. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte dantzaldian parte hartu, eta horrela ekimenarekin bat egitera. «Guztion borondate eta elkarlanaz lortuko dugu Gazteluk bere jolastokia izatea», esan dute.

Datuak

Zer. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen dantzaldia Gazteluko jolastokiaren alde.

Noiz. Ekainaren 21ean: 17:00etan umeentzako txokolatea; 18:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen dantzaldia, sorpresa ugarirekin. Zozketak eta taberna zerbitzua.

Non. Gazteluko plazan.

Sarrerak. 6 euro. Txartelak: Tolosako Orbelan, Ibarrako Sendi Ekintza, Alegiko Route 33n eta Gazteluko udaletxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!