Usadioak landuz ospatuko dute Baserritarren Eguna eskualdeko herrietan

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 15a, 10:36

San Isidro edo Baserritarren Eguna ospatuko dute gaur, eskualdeko hainbat herritan. Usadioak eguneratuz, hamaika ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da han eta hemen. Apaizek ere gogotik egin beharko dute lan, herri gehienetan meza ematea tokatuko baitzaie gaurkoan. Ondoren, mahaiaren inguruan elkartuko dira baserritarrak.

Herri kirolak

Asteasun erakustaldi ederra antolatu dute gaurko. Alde batetik, Joxe Barriolaren idi parea ariko da 1.500 kiloko pisua mugitzen, eta bestetik, Itxaso Arrutiren zaldiak 1.200eko harria ibili beharko du. Plaza gehien egiten dituenak irabaziko du erronka.

Zizurkil Goian ikuskizuna pilotariek eta aizkolariek jarriko dute bazkal aurretik. Azken hauei dagokienez, punta-puntako herri kirolariak ikusteko aukera egongo da, besteak beste, Joseba Otaegi, Jon Irazu eta Unai Otaño izango baitira tartean. Pilotariei dagokienez, etorkizunean zeresana emateko gogoz dabiltzan gazteak ariko dira lehian.

San Isidro Eguneko egitarauak

Abaltzisketa

12:30. San Joan Deunaren elizan, meza.

13:30. Bazkaria Ermentañen.

Alkiza

21:00. Alkizako Udalak antolatuta afaria egingo dute Ostatu jatetxean.

Amasa

10:30. Meza.

Ondoren. Hamaiketakoa elkartean.

13:00. Larrañaga eta Goirisaletxe bertsolariak, eta Kupela taldea.

14:00. Bazkaria Iturri Goxo Jatetxean.

20:30. Lagun arteko afaria, elkartean.

Amezketa

12:00. Amezketako Udalak erretirodunei hamaiketakoa emango die Zazpitturri elkartean.

Asteasu

11:00. Meza.

13:00. Erakustaldia probalekuan. Joxe Barriolaren idi parea, Itxaso Arrutiaren zaldiaren aurka.

14:00. Bazkaria Sarasola sagardotegian, Julio Soto eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin.

Ondoren. Trikitilariekin erromeria.

Baliarrain

Hilaren 18an, larunbatean. Urteroko moduan afaria egingo dute, larunbatean, 21:00etan, Zartagi Jatetxean. Izena emateko eguna gaur amaituko da; udaletxeko 943 88 90 03 telefono zenbakira deitu behar da.

Berrobi

16:00. Toka txapelketa, bingoa eta merienda Solastoki elkartean.

20:30. Baserritarrekin Iriarte jatetxean afaria.

Berastegi

12:45. Prozesioa udaletxetik San Martin elizara, txistularien laguntzarekin.

13:00. Meza.

14:00. Bazkaria egingo dute udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Ondoren. Trikitilariek alaituko dute bazkalosteko giroa.

Leaburu-Txarama

Eguerdian. Bazkaria Leaburuko Ostatu jatetxean.

17:30. Asiako liztorren inguruko hitzaldia, Julian Urkola Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakariaren eskutik. Leaburuko erabilera anitzeko gelan izango da hitzaldia.

Ibarra, Izaskun

13:00. Izaskungo ermitan meza.

Zizurkil Goia

11:00. Meza.

12:00. Pilota partidak frontoian: Peru Labaka-Jon Erasun zizurkildarrak Iker Espinal-Gaizka Iruretagoienaren aurka.

Ondoren. Aizkolariak: Joseba Otaegi eta Oihan Larretxea Jon Irazu eta Unai Otañoren aurka, txanda librean.

14:00. Bazkaria egingo dute Plaza Etxeberrin, bertsolari eta trikitilariekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!