Jon Rekondok Urrezko Aizkorako banakako txapelketako finalerako txartela lortu zuen Urduñan jokatutako jardunaldian nagusitu ostean.
Hainbat lan egin zituzten: lehenik, 45 ontzako enborra ahal bezain kolpe gutxiagotan moztu behar izan zuten; bigarrenean, 45 ontzakoa erlojuz kontra, eta jarraian, tamaina bereko enborra zutik jarrita. Gero, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta azken lanean, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako.
Rekondo izan zen hoberena lehen saioan. Erasunek bezain beste kolpe behar izan zituen, 30 hain zuzen. Bigarren saioan ere, leitzarra nagusitu zen, 40 ontzako enborra 50 segundotan ebaki ondoren. Kañamaresek 52 behar izan zituen. Hirugarrenean, zutik jarritako enborra Rekondok berak moztu zuen azkarren, minutu batean.
Iraupen proban Mugertzak egin zuen denborarik hoberena, 10 minutu eta 42 segundu behar izan baitzituen. Bigarren izan zen Rekondo 11:27ko denborarekin.
Amaieran, ordea, Rekondo nagusitu zen, kronometroa 16:43an geratuz. Bigarren Ugaitz Mendizabal izan zen, 41 segundo gehiagorekin. Hirugarren Juanjo Lopez izan zen, eta 19:30eko denbora egin zuen Julen Kañamaresek.
Otaegi, finalerdietan
Larunbat arratsaldean Diman jokatutako beste jardunaldian, berriz, Floren Nazabal nagusitu zen, eta Joseba Otaegik finalerdietarako txartela lortu zuen.
Kolpekako saioan Atutxa izan zen hoberena, enborra 30 kolpetan moztu ondoren. Bigarren lanean, Nazabal izan zen garaile, lana 46 segundoan amaitu ondoren. Otaegik bat gehiago behar izan zuen. Hirugarrenean ere Etxarrikoa nagusitu zen. 49 segundo behar izan zituen. Bigarren izan zen Otaegi minutu eta bi segundorekin. Iraupen frogan, Nazabalek egin zuen lanik azkarrena, 10 minutu eta sei segundoan. Bigarren izan zen Aitzol Atutxa, eta hirugarren Otaegi ia bi minutura.
Denera, Nazabal izan zen hoberena 15:07ko denborarekin. Bigarren Atutxa izan zen, eta hirugarren Otaegi zizurkildarra. Horrela, Rekondo eta Nazabal, finalean daude jada. Mugertza, Lopez, Atutxa eta Otaegik, berriz, finalerdiak jokatu beharko dituzte. Otaegik hemendik bi astera neurtu beharko du Mugertzaren aurka.