Irudian, Itziar Saizar Ibarrako Udaleko ingurumen, merkataritza eta nekazaritza zinegotzia, Agustin Aduriz Tolosaldea Garatzeneko merkataritza dinamizatzailea eta Antxon Urrestarazu Ibarrako merkatari elkarteko lehendakaria.
Ibarrako merkataritza elkarteak eta Udalak elkarlanean Ibarrako merkataritza identifikatuko duen logotipoaren lehiaketa antolatu dute. 18 urtetik gorako ibartarrek hartu ahalko dute parte, eta irabazlearentzat 500 euro eta 250 euroko balioa duen txekea iragarri dute.
Ibarrako Merkataritza Biziberritzeko Planaren barruan ateratako ondorioetako bat zen Ibarrako merkataritzari irudi berria jartzearena, "egungo logotipoa zaharkitua dagoelako". Hala, irudi berria lehiaketa bidez aukeratzea erabaki dute.
Irudi berria izango da informazioaren zabalpenean, dokumentu ofizialetan, web orrian nahiz publizitatean erabiliko dutena. Logotipoak Ibarra identifikatzen duen zerbait izan beharko du, piperrak, esaterako, edota herriaren izaera identifikatu dezakeen irudiren bat.
Lanak ekainaren 14a bitarte aurkeztu ahalko dira Ibarrako udaletxean edota Tolosaldea Garatzeneko bulegoetan. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu, eta logotipoaren azalpentxoa ere erantsi ahalko da. Ekainaren 21ean emango dute jakitera irabazlearen izena. Epaimahaiak aukeratuko du jasotako lanen artean irabazlea. Epaimahaikideak Ibarrako merkataritza elkarteko lehendakaria eta lehendakariordea, Udaleko ingurumen, merkataritza eta nekazaritza zinegotzia eta teknikaria, Hauspoa kultur elkarteko lehendakaria eta Tolosaldea Garatzeneko merkataritza dinamizatzailea izango dira.
Irabazleak 500 euro jasoko ditu eskudirutan, eta 250 euroko txekea, Ibarrako merkatarien elkartean bazkide diren dendetan erabiltzeko.
Lehiaketaren oinarriak eskuragarri izango dira Ibarrako ingurumen, merkataritza eta nekazaritza zerbitzuan, www.ibarrakoudala.net web orrian, Tolosaldea Garatzeneko bulegoetan eta ibarrakomerkataritza@gmail.com helbidean.