Fakultateko edizio gela txiki batean, lau pareta esturen artean, ordenagailuen argitan, buru belarri lanean aurkitzen dira Olatz Artola (1991, Tolosa), Marta Prol (1991, Eibar), eta Itxaso Frau (1991, Getxo). Ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak dira, HUHEZIn, eta gradu bukaerako lan gisa, Tuterako Argia Ikastolaren errealitatea nolakoa den erakusten duen dokumental bat egiten ari dira.
Nolakoa da errealitate hori?
Olatz Artola: Bizirauteko bidean, oztopoak bakarrik aurkitzen dituen Ikastola da. Nafarroako eremu ez-euskaldunean dago, eta han euskaraz komunikatu eta bizitzea oso zaila da. Bestalde, arazo geografikoak daude. Inguruan Ikastola gehiago ez dagoenez, eremu geografiko zabal bati egin behar dio aurre, eta askok, bi orduko bidea egin behar dute euskaraz ikasteko. Ekonomikoki ere oso garestia da egunean kilometro asko egin behar izatea. Eta hori gutxi balitz, administrazio publikoek ez dute laguntzen egoera hau aldatzeko.
Marta Prol: Finean, seme-alabak euskaraz bizi eta hezteko hautua hartzerako orduan erabat baldintzatzen duten faktore asko pilatzen dira. Zaila da erabaki hori hartzea.
O.A.: Horregatik etengabeko gora-beherak izaten ditu Ikastolak. Hasieran, Tuterako bost pertsona bakarrik zeuden, eta ez zuten hainbesteko zailtasunik. Helburua, baina, ez da bost pertsonek bakarrik euskaraz egitea, euskara normalizatzea baizik, eta horrek hedapen bat eskatzen du. Eta hedapenak zailtasunak dakartza.
Errealitate hori dokumental baten bitartez kontatuko duzue. Zein ikuspuntutik egingo duzue kontakizuna?
Itxaso Frau: Argiak, euskara eta emakumeek Erriberan duten egoera kontatu nahi zuen. Guk, aldiz, aldatu egin dugu. Kontakizun batetik, hango errealitateak, Euskal Herri osoarengan zein ondorio izango lukeen kontatu nahi izan dugu. Hortik izena: Badira, bagara. Publiko egiten dugun lehen aldia...
Zer esan nahi du ‘Badira, bagara’-k eta zein helburu du?
O.A.: Baldintza esaldi deskonposatua da. Beraiek baldin badira, gu bagara. Argia Ikastolak, gugan, Euskal Herritarrongan, duen eragina ezinbestekoa dela esan nahi dugu honekin. Argia desagertuko balitz, euskara Euskal Herriko zein eremu handian galduko litzatekeela konturatzea nahi dugu.
Zuen esparrura eraman duzuela diozue. Nola bizi izan duzue errealitate hori lehen pertsonan?
M.P.: Haur askok, uste dute euskara ikastolan bakarrik hitz egiteko aparteko hizkuntza dela. Ez dute telebistan entzuten, ez dute karteletan ikusten, ez dute kalean ezta etxe askotan entzuten...
O.A.: Kontutan hartu behar da hango eta hemengo errealitateak oso ezberdinak direla. Tolosan euskaraz bizitzea oso erraza da. Iruditzen zaigu hori dela normalena gainontzeko lekuetan. Tuteran ikusi dudana da, badagoela euskaraz hitz egin ez, baina euskaragatik asko egiten duen jendea. Beraz, euskalduna euskaraz hitz egiten duena dela dioen esaldiak ez du zentzu askorik han. Ikuspuntu hori aldatu egin zait.
I.F.: Gu ere hiru errealitate oso ezberdinetatik gatoz. Getxon, adibidez, zailagoa da euskaraz bizitzea Tolosa edo Eibarren baino. Baina posible da. Hara joan, eta ikustea zelako ahalegina egiten duten guraso askok, harrigarria izan da.
M.P.: Adibidez elkarrizketatu guztiei galdetu izan diegu ea ahalegin horrek merezi ote duen, eta demostratzen dizute baietz. Ez hori bakarrik, konturatzen zara gu ez garela kontziente euskarak gugan zelako garrantzia duen, normaltzat jotzen dugulako.
Zer esango zenuke Tolosaz?
O.A.: Tolosan ez daukagula aitzakiarik euskaraz egiteko. Sentimendu kontraesankor bat eragin dit. Alde batetik, haserrea eta frustrazioa, Tolosan euskara hain eskura izanda, batzuk hitz egiteko saiakerarik ez egiteagatik; eta bestetik, poza horrelako errealitate batean bizi behar ez izateagatik.
Zer ari zarete ikasten honetatik?
O.A.: Norberaren balore propioak definitzea oso garrantzitsua dela. Gauza berarengatik borrokan urte asko daramatzate, eta oraindik jarraitzen dute, ideiak oso finkatuta dituztelako. Garrantzitsua da denbora hartu, eta daukaguna baloratzen jakitea. Lehenengo pertsonalki, eta taldeka ondoren. Azken batean, taldeak egiten du borroka hori sendoago.
I.F.: Euskara hizkuntza bat baino gehiago dela sentitzen dutela, eta guk ere horrela baloratu beharko genukeela. Aberatsago sentituko gara.
Nafarroa Oinezeko materiala salgai Asteasu eta Larraulgo Pello Errota eskolan
Asteasuko eta Larraulgo Pello Errota herri ikastetxeak urteak daramatza Tuterako Argia Ikastolari laguntza ematen, bi herrietako udal eta guraso, nahiz Hezkuntza Sailarekin batera. Laguntza ekonomikoa ematen diote, Nafarroako eremu ez-euskaldunean egoteak asko zailtzen baitu bere lana, baita dirua lortzea ere. Laguntza hori ez da nahikoa, eta aurten, Nafarroa Oinez antolatuko du Argia Ikastolak eta bertako material mordoa eraman dute Pello Errotara.
Datorren ostiralera bitarte egongo da zabalik denda, ondoren materiala Tuterara itzuli beharko baitute. Ostegunera bitarte, Asteasuko eskolan izango dira saltzen, 16:15etatik 17:00etara bitartean. Ostiralean, berriz, Larraulen izango dira.