Irrintzi elkartearen Martxa Zikloturista izango da igandean

Ataria 2013ko maiatzaren 10a

Irrintzi elkarteak antolatuta, Villabonako 7. martxa zikloturista Iker Usabiaga Otaegiren oroimenezkoa izango da etzi. Ez da lasterketa, beraz, ez da txirrindularien denborarik hartuko ez eta sailkapenik egingo ere. Gainera, parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran, bata luzea, 122 kilometrokoa, eta bestea motza, 83 kilometrokoa.

Martxa 08:00etan hasiko da, Villabonako Malkar plazatik. Ibilbide bat zein bestea egingo dutenak batera aterako dira, eta Leitzaraino bide berdina egingo dute, Berastegi ondoren Gorosmendi gaina igoz. Ibilbide luzeak Leitzan Usategieta gaina aldera joko du eta beste mendate hauetatik igaroko dira: Orokieta, Aldatz, Azpirotz eta Alkiza. 12:15ak aldera Villabonara iristea aurreikusten dute antolatzaileek.

Ibilbide motza egiten dutenek, berriz, Leitzan Uitzi aldera joko dute, eta ondoren Azpirotz eta Alkizako gainak igaroko dituzte. 10:50ak aldera iritsiko dira horiek Villabonara.

Mekanika eta osasun zerbitzua ibilbidea guztian zehar izango da, eta horniketa guneak Saldias, Azpirotz eta Villabonan jarriko dituzte.

Izen ematea

Parte hartu nahi dutenek aurrez eman dezakete izena, kirolprobak.com webgunean, federatuta daudenek 15 euro, eta ez daudenek 24 euro ordainduta. Egunean bertan, berriz, 07:00etan eman ahalko da izena, eta kasu horretan 20 euro ordainduko dute federatuek, eta 29 euro federatuta ez daudenek.

Antolatzaileek adierazi dutenez, 500 pertsonera mugatu dute parte hartzea, eta txirrindulari bakoitzak kaskoa eman beharko du. Helmugan parte hartzaile bakoitzak elastiko bat jasoko du, eta materialen zozketan parte hartuko du.

Martxari buruzko informazioa eta argazkiak www.irrintzielkartea.net web orrian ikusi daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!