Pilota jokoa buruz burukoa, Ogi Berri eta herriartekoaren inguruan mugituko da

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 10a, 03:00

I. MIgel Soroaren Oroimenezko Ogiberri Txapelketako bigarren jardunaldiko partida.

Buruz buruko lehen mailako pilota txapelketan Leitzako bi pilotarik jokatuko dute asteburuan. Abel Barriolak bihar jokatuko du Julen Retegiren aurka, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jaialdia 17:30ean hasiko da, eta Barriolaren lehia bigarrena izango da. Bigarren leitzarrak, Jaunarenak, igandean jokatuko du Eibarko Astelenan, Zabaletaren aurka. Partida 17:00etan hasiko da, eta ETB1ek zuzenean eskainiko du.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa ere asteburuan hasiko da, bai esku pilotan eta baita zesta puntan ere. Eskualdeko herriei dagokienez, kantxara irteten lehenak tolosarrak eta zizurkildarrak izango dira, eta ondoren alegiarren txanda izango da. Guztiek gaur jokatuko dituzte euren esku pilotako partidak.

Zumarraga-Tolosaren arteko kanporaketa 19:00etan hasiko da, lehenaren etxean. Ordu berean, Zizurkilek Lezoren aurka jokatuko du etxean, Intxaur pilotalekuan, eta 22:00etan, Zestoa-Alegiaren txanda izango da. Alegiarrek etxetik kanpo jokatuko dituzte kanporaketaren joaneko partidak.

Lehia hauek, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final hamaseirenetan kokatu behar dira. Kanporaketa, joaneko eta itzulerako partidetan onena izan den herriak gaindituko du; aurrera nor pasako den jakiteko, beraz, hurrengo asteburuaren zain egon beharko da.

Zesta puntari dagokionez, izen bereko txapelketan, Tolosak ordezkatuko du eskualdea. Kasu honetan ez da kanporaketen araberako lehia izango, guztira sei jardunaldi jokatu beharko baititu herri bakoitzak. Tolosak Beotibarren hasiko du txapelketa, larunbatean, 10:30ean. Tolosarrek aurrean Zumaiako taldea izango dute lehen jardunaldi honetan.

Puntako pilotari gazteak

Migel Soroaren Oroimenezko I. Ogi Berri Pilota Txapelketa final laurdenetan sartu da. Tolosako Beotibar pilotalekuan, etorkizuneko pilotariak bertatik bertara ikusteko aukera egongo da bihar. Hilaren 11ko jaialdia benetan ikusgarria aurreikusten da. Alde batetik, Anartz Olano aresoarrak jokatuko du, eta bestetik, Erik Jaka lizartzarrak. Bi aurrelari ikusgarri hauen jokoaz gozatzeko, 16:30ean hasiko den jaialdira gerturatzea izango da onena.

Kadete mailako partidarekin hasiko da I. Ogi Berri txapelketaren final laurdenetako jardunaldia. Garate-Arandia eta Urdanpilleta-Bakaikoa bikoteak irtengo dira, beraz, 16:30ean Beotibarko kantxara.

Hauen ondoren, Anartz Olanoren txanda izango da. Iruretagoiena lagun duela, aresoarra Labaka-Agirreren aurka ariko da. Aurreko koadroetan ikuskizun bikaina egongo dela aurreikus daiteke. Olanoren potentzia eta erritmoa, Labakaren sendotasunaren aurka. Azken honek, lehen jardunaldietan bere trebezia ederki erakutsi zuen, airez aukera duen guztietan tantoaren bila joaten dela azalduz. Atzeko kuadroetan, bi pilotari handi ariko dira nor baino nor, tantoa nork menderatu borrokan.

Jaialdiko azken partida etorkizunekoen mailakoa izango da. Txapelketa irabazteko faboritoa den bikote bat ikusteko aukera egongo da lehia honetan, bai behintzat, palmaresari begiratzen badiogu. Jaka-Arratibelek ikuskizuna eramango dute kantxara, bai tantoa amaitzerako unean, eta baita pilotakada ederrak ematerakoan ere. Arlo honetan, Arratibelek duen kolpea azpimarratu behar da. Jakak, aldiz, erasoan eta defentsan lan ederra egiten duela erakutsi nahiko du. Aurkari bezala Bisintxo-Perez edukiko dituzte. Bikote hau aurreko fasetik datorrela esan behar da, eta jokatutako kanporaketan, 22-3ko emaitzan lortu zutela. Ondorioz, gauzak zail jarriko dizkie Jakari eta Arratibeli.

Azkenik, Intxurrekoen partidak aipatu behar dira. Gaur, Altzon eta Ikaztegietan ariko dira, 19:00etatik aurrera, eta igandean, Alegian, 11:00etan hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!