Hainbat jarduera egingo dituzte Aiztondoko erretirodunek, ekainean

Ataria 2013ko maiatzaren 9a

Aiztondoko erretirodunentzat hainbat ekintza antolatu ditu bailarako Zerbitzuen Mankomunitateak ekainaren hasierarako.

Ekainaren 9an, 12:30ean, meza egingo da Alkizan. Ondoren, ordubatean, toka jokoa. 14:00etan, Alkizako jatetxean bazkaria egingo dute, iberiar urdaiazpikoa, frijituak, arrain zopa, legatza eta azpizuna dastatuz. Prezioa 27 eurokoa izango da. Ondoren, bingoan jokatuko dute. Jarduera hauetan parte hartu nahi duenak, hilaren 31 baino lehen egin beharko du 943 69 39 30 zenbakira deituta.

Ekainaren 13an, berriz, San Antonio Eguna ospatzeko, Urkiolara egingo dute irteera. Goizeko zortziretan irtengo da autobusa Larrauldik. 08:15ean, Alkizan egingo du geldialdia. Ordu laurden geroago, Zizurkil Goiko herritarrak jasoko dituzte, eta ondoren, 08:45ean, adunarrak. Goiza bertan pasa ondoren, Azpeitian bazkalduko dute. Menuan, entsalada, urdaiazpikoa, arrain pudina, piper beteak, fruituak, txahalki biribila eta tarta izango dituzte. Bazkaldu ondoren, Oriora joango dira.

Irteeraren prezioa 23 eurokoa izango da, eta izena emateko epea ekainaren 4ean amaituko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!