Tolosako Udalak 80.000 euro bideratuko ditu, oinezkoen irisgarritasun planera. Egunotan, hainbat eragile eta herritarrekin batera pausoz pauso aritu dira, herriko bideen diagnosia osatzen.
Nafar Zubiko gunea, Tolosan irisgarritasun arazo nabarmenenak dituen puntua da. Pasa den asteartean aztertu zuten.
Egunero, milaka oinez zapaltzen dituzte Tolosako espaloi, koska, zebra bide naiz errepide zatiak. Badira, ordea, oinez ibili ezin, eta esaterako, gurpildun aulkia ezinbesteko garraiobide duten herritarrak; edo ikusten ez dutelako, makilaren laguntzaz ibiltzen diren herritarrak; edo seme-alaben aulkitxoari bultzaz kale hauek zapaltzen dituztenak.
Gisa honetako tolosarrei, zeinedozein tolosarri begira, oinezko bideen irisgarritasun plana gauzatze lanetan ari da udala, eta herritar nahiz eragileekin batera identifikatu dituzte, egunotan, herriko puntu gorrienak.
Pasa den astean izan zen, parte-hartze prozesuko lehen saioa; kultur etxean elkartu ziren izena emandako herritar, talde eta udal teknikariak, eta besteak beste, proiektuaren aurkezpenerako balio izan zuen bilkurak. Prozesuan parte hartu duten talde edo kolektiboak, honakoak dira: Goienetxe-Gureak, Hirukide ikastetxea, Samaniego ikastetxea, Asmelegi, Altzoan, Once fundazioa, Esklerosi Anozkoitzaren elkartea eta Iturriza elkartea.
Udalaren helbururik behinena, hiriguneko oinezkoen bideak, eta oro har, irisgarritasun baldintzak, hobetze a da; udalak «ezinbestekotzat» jo du, horretarako, herritarren parte hartzea.
Erronka espaloiei
Pasa den astelehen eta asteartea izan dira, herriko irisgarritasun arazorik nabarmenenak dituzten puntuan identifikatzeko egunak.
Parte hartze prozesuko kideak bi taldetan banatu ziren, eta 17:30etik aurrera, bi ibilbide egin dituzte, oinezko bideen diagnosia osatze aldera. Aipatzekoa da, oztopo eta traba arkitektonikoez haratago, beste hainbat faktore ere kontuan izan dituztela, diagnosi hori osatzerakoa; besteak beste: bidegurutzeetan ikuspegia egokia den, oinezkoen bideek jarraikortasunik ba ote duten, nahiz hiri-altzari egokiak dauden.
Astearteko saioa, esaterako, Nafar Zubia eta Zerkausia elkartzen diren gunean hasi zuten ibilbidea, Garikoitz Lekuona teknikariak eta herritarrek. Puntu gorri gisa markatu zuten, besteak beste, zubiko espaloiaren estutasunagatik. Gainera, hain justu zubiaren bestaldean, Tolosako gunerik arazotsuenetako bat dagoela nabarmendu zuen Lekuonak: «Bihurgunean autobusek ez dute nahikoa leku, eta oinezko bidea oso estua da, adibidez, gurpildun aulkientzako. Puntu hau nahitaez berrantolatu beharrekoa da, trafiko eta jende asko pasatzen baita hemendik».
Diagnosi guztiak, maiatzaren 13ko bileran bilduko dituzte, eta Tolosako Udalak egitasmo honi bideratutako 80.000 euroak erabiliko ditu, irisgarritasunaren alde.
_________________________________________________________________________________________
LASKORAIN GOIKOA HERRITARREN EKARPENEKIN URBANIZATUKO DUTE
San Esteban izenez ere ezaguna den auzoa «egungo errealitatearen neurrira» eraberritzea proposatu du udalak
Tolosako Udalak parte hartze prozesua abian jarri du, Laskorain Goikoa edo San Esteban eremua eraberritzeko bidean. Maiatzaren 14, 21 eta 29an, eta ekainaren 4an burutuko dituzte bilerak, eta izena eman beharko dute beren ekarpenak egiteko interesa dutenek.
Ibai Iriarte alkateak eta Garikoitz Lekuona hirigintza teknikariak azaldu dutenez, auzoa eraberritzeko proposamen honetan, bi galderei erantzuteko pausoak eman nahi dituzte: «Auzoak zer behar duen erabaki beharko dugu, eta bestalde, auzoak tolosarrei zer eskaini behar dien ere zehaztea, garrantzitsua da».
Egungo Udal Gobernuak, aurreko legealdian San Esteban auzorako aurreikusita zegoen Plan Berezia geratzeko erabakia hartu zuen: «Eremuaren ezaugarriak, nahiz beharrak eta egungo testuinguru sozio-ekonomikoa aintzat hartuta, plana lekuz kanpo baitzegoen»
Hausnarketarako irizpideak
Udalak berak hausnarketarako lau oinarri zehaztu ditu. Lehenengo, Laskorain Goikoa eremuaren etorkizuna erabakitzea ezinbestekotzat jo dute: «Ezaugarri bereziak ditu gune honek, eta orain arteko hirigintza ereduak 1.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea ahalbidetu nahi bazuen ere, beste parametro batzuk aintzat hartu behar dira».
Honenbestez, Tolosako Udalak orain gutxi herriko etxebizitza hutsen inguruan egindako azterketa gogora ekarri du Iriartek: «Tolosan inor erroldatu gabeko 500 etxebizitza baino gehiago daude, eta honi gehitu egin behar zaizkio Amarotzen, Larramendin, Berazubin eta Zumardihaundiko sarreran eraikiko dituzten etxebizitzak. Hori guztia kontuan hartu behar da».
Era berean, auzoak landa gune eta herrigunearen artean egonik, duen izaera berezia mantentzea ere garrantzizkotzat jo dute: «Trenbideak ahuldade bat ekarri izan dio San Estebani, baina indargune bat ere bada, herriko erdigunetik gertu dagoen arren, oso gune lasaia baita. Trantsizio hori islatu behar du», azaldu du Ibai Iriartek.
Kontuan izan beharreko laugarren faktorea, eremuan aurrera eraman nahi duten garapen sozio ekonomikoa da: «Sorkuntza gunea da Tolosa, eta lehendik Bonberenea eta Box.a bezalako egitasmoak bertan izanda, eta laster tokiko komunikabide guztiek ere egoitza bertan izango dutela kontuan izanda, eragileen arteko sinergiak bultzatuko ditu, eta aktibo ekonomiko garrantzitsu bilakatu daiteke San Esteban».
Parte hartze prozesuan benetako interesa duten herritar, eragile eta auzotarrak bildu nahi ditu Tolosako Udalak, eta horretarako, izen ematea ireki dute. 943 65 44 66 telefonora deituta nahiz udate@tolosakoudala.net helbide elektronikora idatzita eman ahalko da, beraz.
Guztira lau bilera egingo dituzte; maiatzaren 14, 21 eta 29an, eta ekainaren 4an. Lekua, berriz, San Estebango auzo elkartearen egoitza izango da, eta 19:00etatik 21:00etara bitarte ariko dira ekarpenak eginez, «auzoaren etorkizuna eraikiz».