Euskal eta erdal komunitateen artean, urteetan zeharreko aurreiritziak izan direla dio Jon Maiak. Tabu hau puskatzen saiatuko da bihar, 19:30ean, La Jaran eskainiko duen hitzaldian.
1972an Urretxun jaio zen Jon Maia, eta Zumaian igaro ditu bere bizitzako urte gehienak. Bere arbasoak, ordea, Extremaduratik Euskal Herrira etorri ziren duela zenbait hamarkada.
Testuinguru horren kontakizuna eskainiko du bertsolariak, bihar, 19:30ean, La Jara elkartean, Riomundo, historia de una familia emigrante izenburupean, «urteetan barrena bizirik izan ziren aurreiritziak eta estereotipoak» eraisteko bidean.
Bihar eskainiko duzun hitzaldian, zer entzun ahal izango dute bertaratuek?
Egingo dudana zera da, nire familiaren bizi-esperientzia kontatu; beren lurraldetik hona etortzeko prozesua. Eta batez ere, beraiek beren lurra utzi zutenetik, ni bertsolari izan arteko ibilbidea kontatuko dut, nire familiaren ikuspuntua eta nirea konbinatuz. Esperientzia bat kontatuko dut, testigantza moduan, eta nolabait etorri ziren haien ikuspuntua lantzen duena. Azken finean, nire familiaren jatorriarekiko, nire bizipenak kontatuko ditut.
Antzeko hitzaldi batzuk eskaini dituzu jada, beste zenbait lekutan. Nolako harrera izaten du zure testigantzak?
Ba, oso harrera berezia izan da, orain arteko saioetan behintzat, urteetan barrena apenas ukitu gabeko gaia izan delako. Gaur egungo emigrazioarekin, zorionez, hasi dira zenbait lan ildo jorratzen, eta badaude protokolo batzuk, nahikoa ez diren arren. Baina, Francoren diktadura garaian etorri ziren mantxurriano, belarrimotz, hezurbeltz, maketo eta koreano horiekin, ez da ia ezer landu. Gertatu izan diren integrazioak, indibidualki lortu direnak izan dira. Orduan, gai hau tabu samarra da, enkistatua edo fosilizatua geratu dena.
Hori aldatzeko oinarriak falta dira?
Bai. Nik uste dut, gaur egun bizi dugun kultura eta politika normalizazio ezaren jatorrian, zati handi bat, gai honen kudeaketa faltari dagokiola. Ondorioz, hitzaldi hau Casa de Extremadura edo Casa de Andalucía batean ematen duzunean, eurek nahiz euskaldunek, lehengo aldiz entzuten dituzte zenbait gauza. Era berean, saioan lehenengoz pasatzen dira langa fisikoak, esaterako, zenbait euskaldun leku horietara estreinakoz sartzen direnean; langa psikologiko batzuk ere, lehenengo aldiz gainditzen dira, gainera. Emozio handiko momentuak bizitzen ditugu. Airean geratu den zerbait da, egiteke, eta hor badago karga emozional handi bat; gainera, jende askoren historia da, azken finean, nik kontatzen dudana. Hunkidura berezi bat sortzen da beti.
Zure kasuan, nolakoa izan zen euskal kulturara gerturatze hori?
Nire kasua hemengo beste edozein umerena bezalakoa izan da, ni Euskal Herrian jaio nintzelako, eta txikitatik ikastolara joan izan naizelako; betidanik egin izan dut euskaraz, beraz. Dena den, nire familiaren jatorriak eragin handia izan du nigan, eta bizi izan naizen euskal testuinguruan ere, sortu izan dizkit konplexuak, kontraesanak, eta horrelako gauza asko. Baina ni zer naizen jakiteko, atzera begiratu behar izan dut, eta nire aurrekoek eman zituzten pausoak begiratzean konturatu naiz, zergatik naizen naizena. Beraz, nire kontakizuna omenaldi txiki bat ere bada, integraziorako ahalegin bat egin duten guztiei.
Erabat integratzea lortu ez dutenei ere eskainiko diezu testigantza.
Bai. Integratzea lortu ez dutenekiko beste begirada bat ere sortu nahi nuke euskaldunengan. Izan ere, azken 60 urteotan etxebizitza berean bizi izan arren, estereotipo, aurreiritzi eta mesfidantza asko izan dira bi komunitateen artean, erdal komunitatearen eta euskal komunitatearen artean, alegia. Banaketa sozial eta kultural hori existitzen da oraindik ere, neurri handi batean, eta banaketa politikoarekin bat egiten du, ez da kasualitatea. Nik uste dut, historiaren momentu hau, nolabaiteko lasaitasun garaia izanik, momentu egokia dela hurbiltze hauek egiten hasteko. Oso berandu dator, baina inoiz ez da beranduegi.
Hizkuntzari begira jarriz, euskarara hurbiltzen saiatzen direnekin toleranteago izan beharko luke euskaldun zaharrak?
Nik kolpe batean desagerraraziko nituzke, euskaldun berri eta euskaldun zahar terminoak; normalizazio prozesu baten kontrakoa iruditzen zait terminologia hori. Zeren, esaterako, bere hizkuntza galtzen utzi duen, nahiz lotsak, zigorrak edo bestelako faktore jakin batzuengatik bere hizkuntza galdu duen pertsona, hemen jaioa izango da, zortzi abizen euskaldun edukiko ditu, eta abar, baina ez da euskalduna. Aldiz, Galiziatik edo Extremaduratik etorri den batek, eusko labelik ez izan arren, eta hemengo abizen bakar bat ez izan arren, euskalduna izango da behar bada. Zer axola du antzinatasunak hizkuntzarekin? Zer axola du euskaldun zaharra edo euskaldun berria izateak? Euskalduna zara edo ez zara. Zentzu horretan, oso zehatzak edo bidezkoak ez garela izan uste dut, jendea epaitzerakoan.
Kontuak kontu, euskararen ezagutza igo den arren, erabilera jaitsi egin da.
Bai. Hori noren errua da, ikasi ez dutenena? Edo galdu dutenena? Ez dut uste garrantzitsuena hori denik, baina bai normalizazio baten bidean, integraziorako pausoak ematea, eta hesiak eta estereotipoak desagertzea. Horri jartzen diot nik arreta.
Biharko hitzaldia, hasiera batean, euskal komunitateko kide ez direnak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko baliagarria dela pentsa daiteke. Zure testigantza, ordea, bertakoek entzuteko modukoa ere bada.
Nik baietz uste dut. Garai hartako etorkin askok beren bizitza islatuta ikusiko dute nire kontakizunean, eta bere ikuspegia nola kontatzen den lehenengo aldiz entzungo dute. Bestetik, bertakoei lehenengo aldiz iritsiko zaie besteen ikuspegia. Enpatia ariketa bat egiteko beharrezkoa da bi aldeen ikuspegia. Nire kasua, zorionez, berezi samarra da, eta ni bezalako milaka pertsona izango dira, etorkinen seme-alabak baina euskaldun jaio direnak. Nire kultura beti euskal kultura izanagatik, bertsolari izatera iritsi izanak oso posizio onean jartzen nau, bi kulturen artean, nire familiaren esperientziatik ikusi ahal izan dudalako beren kultura eta bizipenak zein izan diren. Beraz, zubi horretan kokatzen naiz ni; bi begiradekin jokatzen dut.