Goikoetxearen atxiloketa salatu dute Gaztelun

Ataria 2013ko maiatzaren 8a

Andoni Goikoetxeari elkartasuna azaltzeko, eta bere atxiloketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Gaztelun. Eskualdeko herritar ugari elkartu zen bertan. Mobilizazioan, atzoko polizia operazioan atxilo eraman zituzten beste bost euskal herritarrak ere gogoan izan zituzten.

Frantziako Poliziak guztira sei pertsona atxilotu zituen atzo goizean, ETA erakundeko kide izatea egotzita. Andoni Goikoetxea gazteluarra Correze departamentuan dagoen Brive-la-Gaillarde herrian atzeman zuten, Raul Aduna gasteiztarrarekin batera. Gainontzeko atxiloketak, Loir-et-Cher departamentuko Blois hiriburuan eta Montpellierren izan ziren. Operazio hauetan, Igor Uriarte (Barrundia, Araba), Julen Mendizabal (Arrasate), Ekhiñe Eizagirre (Zarautz) eta Kepa Artauz (Arrasate) eraman zituen Frantziako Poliziak .

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren esanetan, atzoko polizia operazioarekin, «ETAren nukleo logistikoa deseginda gelditzen da». Horrekin batera, Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean buruturiko operazioa izan zela azpimarratu zuen Fernandez Diazek.

Espainiako Barne ministroaren hitzetan, Andoni Goikoetxea eta Raul Aduna ETA erakundeko «zuloen arduradunak» ziren. Gazteluarraren inguruan, lehergailuetan erakundean zegoen «aditurik handienetakoa» zela esan zuen.

Polizia operazioa 2012ko urrian kokatu zuen Jorge Fernandez Diazek: «Izaskun Lesaka atxilotu ondoren hasi ginen hariari tiraka».

Bi urte eta gero

Guardia Zibila 2011ko apirilean joan zen Andoni Goikoetxearen bila Gaztelura. Polizia miaketak Txaramara ere zabaldu ziren, baina ez zuten Goikoetxea atzematerik lortu. Aitor Esnaola legorretarraren atxiloketaren harira etorri ziren miaketak.

Bi urte igaro ondoren, 53.000 biztanle inguru dituen Okzitaniako Brive-la-Gaillarde herrian atxilotu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!