Hondakinei buruz mintzatuko da gaur Iñaki Petxarroman kazetaria

Ataria 2013ko maiatzaren 8a

Tolosaldeko Mankomunitateak, eta Amasa-Villabonako Udalak antolatuta, hondakinen inguruko hitzaldia emango du Iñaki Petxarroman Berria egunkariko kazetariak, gaur 19:30ean Mintzolan.

Hondakinen gaia gertutik jarraitu du, eta urte hasieran, Su haietatik ke hauek izeneko liburua argitaratu zuen. Bertan, azken hamar urte hauetan hondakinen inguruan gertatutakoen kronologia bat egiten du, hondakinen kudeaketarako Gipuzkoako plan integrala onartu zenetik, honaino. Horrez gain, zero zabor politika eta errausketa kontrajarri zituen, eta bere lanpostuari esker eskuratutako informazioei tiraka errauste plantaren atzean dauden interesak azaleratu.

Bestalde, maiatzaren 14 eta 15 ean birziklapen kanpaina Amasa-Villabonara iritsiko da, eta hori dela eta hainbat tailer eta hitzaldi egingo dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!