Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria Asier Sarriegi, Mikel Arregi Gipuzkoako Pilota Federazioko ordezkaria, Gorka Iturri Rural Kutxako ordezkaria eta Gorka Garmendia Ogiberriko ordezkaria.
Alegia, Amezketa, Berrobi, Bidegoian, Tolosa eta Zizurkil ariko dira Herriarteko Pilota Txapelketan lehian. Guztira 22 herrik hartuko dute parte maiatzaren 12an hasiko den txapelketan. Lehenengo jardunaldian Alegiak, Tolosak eta Zizurkilek jokatuko dute. Zestoan jokatuko dute alegiarrek Zestoaren aurka, Zumarragaren aurka, Tolosak Zumarragan eta etxean jokatuko du Zizurkilek, Lezoren aurka.
Beste hiru partidak Astigarraga-Lasarte Oria, Ataun-Errenteria eta Arrasate-Oiartzun izango dira. Bigarren jardunaldian itzuliko partidak jokatuko dituzte, eta orduan final zortzirenetara sailkatuko dira puntu gehien dituztenak. Bidegoian, Berrobi eta Amezketa final zortzirenetan sartuko dira, maiatzaren 26an. Hernani izan zen iazko irabazlea Berrobiren aurka finala irabazita.
Herriarteko Zesta Punta Txapelketan Tolosa, Donostia, Mutriku eta Zumaia ariko dira. Hilaren 12an izango da lehen jardunaldia. Bertan Tolosak Zumaiaren aurka jokatuko du, eta Donostiak Mutrikuren aurka. Iazko txapelketako garailea Zumaia izan zen. Pala Txapelketari dagokionez, ez da Tolosaldeko herririk ariko lehian.
Kutxak ez du babestuko
Txapelketaren aurkezpenean Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria Asier Sarriegi, Mikel Arregi Gipuzkoako Pilota Federazioko ordezkaria, Gorka Iturri Rural Kutxako ordezkaria eta Gorka Garmendia Ogiberriko ordezkaria izan dira.
Mikel Arregik adierazi duenez, Kutxarekin lau hamarkadetan Herriarteko Txapelketak izan duen harremana etentzat jo dute, «aurten ez babestea erabaki baitu». Ogiberri izango da babesle nagusia, Rural Kutxarekin batera. Era berean, Gipuzkoako Pilota Federazioa babesten duen heinean, Foru Aldundiak ere lagunduko du txapelketa.
Foru Aldundiko kirol zuzendariak azaldu duenez, pilotan murrizketarik ez egitea erabaki dute: «Euskal pilota gure kirola da, zaindu beharrekoa, eta horregatik pilotara bideratutako laguntzak mantentzea erabaki dugu, pilota bultzatzea eta laguntzea delako gure helburua, eta datozen urteetan ere asmo bera dugu».
Gorka Iturrik, berriz, Rural Kutxarentzat pilota txapelketaren babesle izatea «ohore» bat dela adierazi du, Euskal Herrian pilota «oinarrizko kirola» baita. «Txapelketan jokatzen duten gazte asko ziur goiko mailatan jokatzen ikusiko ditugula etorkizunean; ea txapelketa polita ateratzen den eta guztiok disfrutatzen dugun», esan du. Gorka Garmendiak, berriz, Ogiberriren «pilotarekiko zaletasuna» nabarmendu du, eta aurrerantzean ere gisa honetako txapelketak babesten jarraitzeko nahia adierazi du.