Orexarrek festa giroan pasa dute maiatzeko lehen asteburua, herriko festen ospakizunetan. Gainerako herriek ere izan dute, ordea, festa giroan murgiltzeko aukerarik.
Jada tradizio bilakatu da Oriako baranda, eta igandean hainbat herritar erakarri zituen.
Udaberriarekin batera, eskualdeko herri guztietako jaien zerrenda abiarazi da jada, eta herri txikienen txanda izan da maiatzeko lehen asteburuan. Horrela, Orexako plaza festaz bizi-bizirik izanda ostiral eguerditik igandera bitarte, herritarren nahiz bisitarien gozamenerako.
Ostiral eguerdian hasi ziren Orexako jaiak, oilarraren jaitsiera bereziarekin. Kanpandorretik udaletxeko balkoiraino jaitsi zen oilarra, haur, gazte eta helduen begiradapean; txanpainarekin ospatu zuten, gainera, jaien hasiera, eta bazkal aurretik pilota partidak eta bertsoak uztartu zituzten.
Larunbata izan zen, parrandazaleentzako egunik aproposena; umeen goiza amaitu eta gero, batukada egin zuten herrian barrena, eta La Jodedera musika taldearen kontzertuak girotu zuen iluntze eta gaua. Goizalderarte dantzan geratu zirenek, berriz, DJ Bullen konpainia izan zuten.
Igande arratsaldean Lizartzako dantzari gaztetxoek eskaini zuten emanaldia, eta Julio Soto, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Sustrai Kolinaren bertso saioaren ondoren, oilarra igo zuten orexarrek, hurrengo urtera arte.
Festa nonahi
Asteasun ere, ez dira Orexan baino gutxiago izan, eta Elizmendi auzoan larunbatean hasi ziren jaiak, Simonen jaitsierarekin.
Gozokiak botaz iritsi zen panpina, eta izan zen beldurtu zen haurrik ere. Bi egunetan, herri kirolak, trikitilariak nahiz bazkari-afariak izan dituzte.
Adunan, berriz, Elkartasun Eguna izan zen igandean, Aiztondoko Herrira-k antolatuta. Egun osoko egitaraua prestatu zuten, eta jende andana bildu zen plazan, eguerdi aldera batik bat. Ikurrina margotzeaz gain, hamaiketakoa ere egin zuten, eta udal hautetsiek prentsaurrekoa eskaini zuten jarraian. Pilota partidekin eta bazkariarekin biribildu zuten egitasmoa.
Anoetan ere, mahaiaren bueltan ospatu dute gazteek, gaztetxearen XIV. urteurrena. Horren aurretik, ordea, jakiak prestatzeari ere ekin zioten larunbatean, patata tortilla lehiaketa antolatu baitzuten; sei talde aritu ziren, tortillarik goxoena prestatzeko lanean.
Tolosan, berriz, Larramendiko auzotarrak izan ziren festa giroan, larunbatean; auzolanaz txukundu duten Arkauteko eraikinean auzo lokalak inauguratu dituzte, eta haurrentzako jarduerak nahiz mokadutxoa egin zituzten bizilagunek.
Hodei abesbatzak, berriz, Bartzelonan pasa du asteburua, Rog Korai abesbatzarekin egindako elkartrukea dela eta.
Azkenik, jada tradizio bilakatzen ari den Oriako baranda egin zuten ehunka dantzarik, Zerkausi gaineko barandan. Herritar ugari bertaratu ziren saioa ikustera.