Tolosaldeko etxeetan %25 birziklatzen da Tolosaldeko Mankomunitateko datuen arabera. Europako legediaren arabera, 2014. urterako zabortegiek itxita egon beharko dute, eta 2016rako, hondakinen %60 birziklatu beharko da. Errealitate hau kontuan hartuta, mankomunitateak egoera iraultzeko asmoa duela azaldu du, besteak beste, Birziklapen Bira abian jarriz. Erronka makala ez dela onartu arren, argi dute denen artean lortuko dutela.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten mankomunitateko eta eskualdeko hainbat udal ordezkarik, Tolosan. Birziklatzearen garrantzia azaltzeko, Tolosaldeko herri guztietan informazio gune bat jarriko dute hilabete honetan. Gune hau, plazatik plazara ibiliko da, eta herritarrak birziklatzera animatzea da bere helburua. Gema Ezeiza mankomunitateko teknikariaren esanetan, «kanpainaren helburua eskualdeko etxeetan gaika sailkatzen den kopuru hori handitzea da». Bide horretan, «birziklatzearen garrantzia eta ez birziklatzearen kaltea zabaldu nahi ditu mankomunitateak», Ezeizaren hitzetan. Teknikariaren ustez, «birziklatzearen inguruko kezka, beldur edo zalantzak denok izan ditzakegu, eta horregatik, datozen egun hauetan guztion artean gaika ongi sailkatzen ikasiko dugu, eta kezka guztiak baztertuko ditugu».
Ekimen honekin bat egin dute, besteak beste, Pello Zabala, Nerea Alias eta Iker Karrerak, eta Tolosaldeko Mankomunitateari bere mezua zabaltzen lagunduko diote. Birziklapen Bira-n informazioa jasotzeaz gain, hezitzaile eta teknikariek azalpenak emango dizkie gerturatzen diren herritarrei. Gaiarekin lotura duten produktuak ere banatuko dituzte, besteak beste, jogurtak, lore haziak eta ongarria.
Birziklapen bira
Herriz herri
Maiatzak 7. Alegia.
Maiatzak 8. Irura.
Maiatzak 9. Lizartza.
Maiatzak 9. Amezketa.
Maiatzak 10. Zizurkil. Goizean beheran, eta arratsaldean goran.
Maiatzak 11. Tolosan, Trianguloa plazan.
Maiatzak 13. Albiztur.
Maiatzak 13. Abaltzisketa.
Maiatzak 14. Villabona.
Maiatzak 14. Baliarrain.
Maiatzak 15. Alkiza.
Maiatzak 15. Ibarra.
Maiatzak 15. Orexan hitzaldi tailerrak bakarrik.
Maiatzak 16. Orendainen hitzaldi tailerrak bakarrik.
Maiatzak 16. Larraulen hitzaldi tailerrak bakarrik.
Maiatzak 17. Tolosa, arratsaldean Trianguloan.
Maiatzak 18. Villabona.
Maiatzak 20. Tolosa, arratsaldean Trianguloan.