Buruz burukoari ekingo dio gaur, Abel Barriolak

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 3a, 12:18

Jaunarena eta Barriola Beotibarren[/caption]

Binakako Pilota Txapelketa amaiturik, Buruz burukoaren txanda da orain. Urteko pilota txapelketa garrantzitsuenetakoa den honetan Leitzako lau pilotarik hartuko dute parte, Bengoetxea VI.ak, Barriolak, Olaizola I.ak eta Jaunarenak, eta azken hirurek, gainera, asteburu honetan bertan ekingo diote txapelketari.

Abel Barriolari dagokionez, A taldean egokitu da, eta Arretxe II.aren aurka egingo du, gaur, Legazpin. Gainerako hirurak C taldean daude. Asier Olaizola eta Jon Jaunarena elkarren aurka ariko dira etzi, Eibarren. Irabazleak final zortzireneko partida jokatuko du Zabaletaren aurka, eta partida horretatik aterako da Bengoetxea VI.aren aurkaria final laurdenetan. Lehenengo jardunaldia biharko Gonzalez eta Urrutikoetxearen eta Beroiz eta Ezkurdiaren artekoek osatuko dute. Orotara 16 pilotarik jokatuko dute txapelketa, eta finala ekainaren 16rako aurreikusi dute.

Leitzan bizi den Olaizola I.ak azaldu duenez, entrenamendu ugari egin ditu, baina «erritmo falta» nabari du. Hala ere, guztia emango duela, eta «ilusio handiz» dagoela adierazi du. Jaunarenaren inguruan, berriz, «oso ongi» dabilela, eta bi eskuekin «kolpe ikaragarria» duela nabarmendu du. «Oso pilotari arriskutsua eta zaila da», esan du. Aurtengo txapelketari dagokionez, edozein pilotarik egin dezakeela aurrera txapelketan, eta urtero izaten direla sorpresak adierazi du.

Jon Jaunarena leitzarrak pasa den urteko promozioko finala irabazi zuen. Eskuetatik «pixka bat justu» dagoela adierazi du, baina ez duela prestatzeko arazorik izan. Azken batean, «sasoiko» dagoela nabarmendu du.

Migel Soroaren oroimenezkoa

I. Migel Soroa Ogiberri Pilota Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute bihar, 16:30ean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Etorkizunekoen mailan Ugalde eta Alduntzin ariko dira Mugika eta Sanchezen aurka. Elite mailan, berriz, Elezkano eta Galarzak Urbieta eta Etxamendiren aurka egingo dute.

Aiztondoko XVI. Topaketak

Bestalde, etzi, igandean, Aiztondoko XVI. Pilota Topeketen finalak jokatuko dituzte Larraulen, 10:00etatik aurrera. Aurrebenjaminen mailan, Larraul eta Alkiza izango dira aurrez aurre; benjaminetan, Aduna-Alkiza eta Zizurkil; alebinetan, Aduna eta Zizurkil; infantiletan, Aduna eta Aduna-Zizurkil; eta infantil neskak palan, Aduna-Zizurkil eta Zizurkil. Guztira 80 pilotarik hartu dute parte aurtengo pilota txapelketan.

Errebote Txapelketa

Bestalde, Behar Zana errebote taldeak Donibane Lohitzuneko Luzaz Gazte taldearen kontra jokatuko du bihar, Euskal Herriko Errebote txapelketako hirugarren partida. Neurketa 16:00etatik aurrera izango da, Villabonako Plazan. Lehenengo partidan Baigorriko Zaharre Segi taldearen kontra 13-1 irabazi zuten billabonatarrek, eta herenegun, Senperekoei 9-13 irabazi zieten Senpereko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!